Amorebieta-Etxanoko Udalak kirol abonu berri bat eskainiko du guraso bakarreko familientzat

2022/07/19
Udalak kultura eta kirol zerbitzuen prezio publiko batzuk aldatu ditu, gehien behar duten kolektiboei laguntza ekonomikoa emateko helburuarekin

Amorebieta-Etxanoko Udalak abonu murriztuak eskainiko dizkie guraso bakarreko familiei kirol-zerbitzuetan, indarrean dagoen familia-abonuaren prezioaren %25eko beherapenarekin. Ordenantza Fiskaletan egindako aldaketetako bat da aurrekoa, eta Miren Martiarena Ogasuneko zinegotziak adierazi bezala, “gehien behar duten kolektiboei babesa ematea” dute helburu. “Jabetzen gara jarduera batzuek familientzat eta, bereziki, soldata bakar batekin aurrera atera behar duten pertsonentzat eragiten duten gastu ekonomikoaz”, gaineratu du zinegotziak.

Gauza berria ez den arren, aita edo ama bakarra duten familiak beti egon direlako, egia da gero eta ugariagoak direla elkarrekin bizi diren aita, ama eta seme-alaben eskema klasikoari nahitaez erantzuten ez dioten familia-ereduak. Honela, pertsona bakar batek osatutako familiak dira, beren ardurapean seme-alaba bat edo gehiago dituztenak. Horregatik guztiagatik, Udalak eskaera gero eta handiagoari erantzun nahi dio, guraso bakarreko familientzako abonua abiaraziz. Aldi berean, bere kirol eskaintzan publiko guztiengana heltzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, abonu edo txartel mota ezberdinen bitartez.

Langabeentzako hobariak
Guraso bakarreko familiei laguntza emateaz gain, Udalak beste hobari bat sortu du kirol-zerbitzuetan, langabezian gutxienez hiru hilabete daramaten pertsonentzat. Halaber, bizikidetza-unitateen diru-sarreren arabera ematen den hobari orokorra arautu du, une bakoitzean indarrean dagoen DSBE erreferentziatzat hartuta. Gainera, udal euskaltegiari dagozkion prezio publikoak aldatu egin dira. “Hobekuntza horri esker, HABEk diruz lagundutako autoikaskuntzako ikastaroei dagozkien prezio publikoak jasotzen ditugu, aldez aurretik Ordenantzan aurreikusita ez zeudenak”, azaldu du zinegotziak. “Araudian sartutako kontzeptu berrien helburua herritarrei zerbitzuak hobeto eskaintzea da, kultura eta kirol-zerbitzuen interes soziala kontuan hartuta”, gaineratu du Martiarenak.