Amorebieta-Etxanoko Udalak kafe kapsulen bilketa bultzatuko du

2022/09/23
Udalak edukiontzi berri bat jarri du Zelaietako hallean hondakin hori gaika biltzeko helburuarekin. Edukiontzia 7.500 kapsula birziklatuz dago eginda.

Gaur egungo gizartean gero eta hondakin gehiago botatzen dira zaborretara, hauek izan dezaketen bigarren bizitzari aukerarik eman gabe. Kafe-kapsulak esaterako, geroz eta gehiago erabiltzen ditugu, eta honek eragin handia du ingurumenean. Produktu hauen erabilerak nabarmen egin du gora azken hamarkadan; kontuan izan behar da, mota horretako kapsulek, plastikoz, aluminioz edo material konpostagarriz egindakoek, izugarrizko hondakin kopurua sortzen dutela, arazo larria sortuz. Izan ere, aluminioz egindako milioika kafe kapsula botatzen dira zaborretara. Kafe kapsulak birziklatzea oso kontuan hartzeko gaia da, eta horren jakitun, Amorebieta-Etxanoko Udalak kafe kapsulak biltzea bultzatuko du, ondoren birziklatu ahal izateko. 

Edukiontzi berria
Ekimen berritzailea Zelaietako hallean edukiontzi bat jartzea izango da. Instalatu den edukiontzia material birziklatu eta birziklagarriz eginda dago, 7.500 kafe kapsula birziklatzeari esker. Juan Mari Ugaldek, Jasangarritasun eta Zerbitzuetako zinegotziak, zehaztu duenez, “azterketek erakusten dute geroz eta kapsula gehiago erabiltzen ditugula gure etxeetan, eta, beraz, Udaletik haien kudeaketa egokia erraztu nahi dugu. Kapsula horiek guztiak zabortegira edo erraustegira joatetik, birziklatze planta batera eramango dira, plastikoa eta aluminioa, alde batetik, eta organikoa, bestetik, bereizten duten gune batera”.

Materialak bereiztea, bizitza berri bat emateko
Kapsuletako materialak bereizi ondoren, objektu berri bihurtzen dira, herritarrei formatu berri batean itzuli ahal izateko. Horrela, material plastikoa hiri-altzari bihurtuko da, konpostontzi, banku edo loreontzi, esaterako. Bestalde, kafearekin substratuak, ongarriak eta pelleta egingo dira. Juan Mari Ugalde zinegotziak gaineratu duenez, “ez da soilik hondakinak bereiztea, balorean jarri behar dira eta bizitza berri bat eman, eta ahalegin horretan ari gara. Gure planetaren zaintzan aurrera egiteko eman behar ditugun pauso txikiak dira”.