Amorebieta-Etxanoko Udalak jakinarazi du astelehenetik aurrera ez dela hitzordurik hartu beharko kirol instalazioak erabili ahal izateko

2021/10/08
• Kirol instalazioetako aforoa 100%ekoa izango da berriz ere astelehenetik aurrera. • Maskararen erabilera eta beste hainbat neurri mantenduko dira, batez ere, leku itxietan.

Amorebieta-Etxanoko Udalak kirol arloan izango diren osasun neurrien aldaketen berri eman du. LABIk asteartean jakinarazi zuen moduan, ostegunean bertan behera geratu zen Covid 19ak sortutako osasun larrialdi egoera, eta horrekin batera, hainbat neurri.

 Kirol instalazioetako aforoa, %100ekoa

Hori horrela, eta Eusko Jaurlaritzak argitaratutako azken dekretuarekin bat eginda, Amorebieta-Etxanoko Udalak jakinarazi ditu kirol arloan izango diren neurri berriak. Batetik, azaldu du astelehenetik aurrera ez dela hitzordurik hartu beharko kirol instalazio ezberdinak erabili ahal izateko. Kiroldegiko aforoa %100ekoa izango da, berriz ere.

 Maskararen erabilera, Larrea Kiroldegian

Udalak gogoratu du, maskararen erabilerak derrigorrezkoa izaten jarraitzen duela leku itxietan, eta beraz, Larrea Kiroldegian maskara jantzita eraman beharko dela. Salbuespenak dira: igerilekuetan bainua hartzeko momentua,  taldeen arteko kirol-lehiaketak (entrenamenduak barne) eta kanpoko jarduera fisiko biziko ezohiko uneak.

 Beste hainbat neurri

Era berean, beste hainbat neurrik ere indarrean jarraitzen dutela gogorarazi du Udalak, Covid 19a transmititzeko arriskua saiheste aldera. Hala, errespetatu egin behar dira Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezartzen dituen jarraibideak eta gidak, jarduerak garatzeko orduan. Era berean, ez barruko ez kanpoko esparruetan ezingo da ez janaririk ez edaririk kontsumitu; ura edan daiteke. Pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia ere mantentzen jarraitu beharko da, eta hau bermatzeko arreta berezia jarriko da espazio itxietan. Azkenik, eta ahal den neurrian, eskuak gehiagotan garbitu beharko dira, horretarako soluzio hidroalkoholikoak edo ura eta xaboi erabiliz.