Amorebieta-Etxanoko Udalak jai guztiak bertan behera uztea erabaki du

2020/06/11
• Erabakia alderdi politiko guztiek babestu dute, segurtasun eta osasun publikoari lehentasuna emanez, eta herritarrekiko erantzukizunez jokatuz. • Udalak ahal duen guztia egingo du neurri honek eragingo dien profesionalek izango dituzten galerak konpentsatzeko, eta jaietako ekintzak antolatzen dituzten elkarteekin lankidetzan aritzeko.

Amorebieta-Etxano, 2020ko ekainaren 11. Amorebieta-Etxanoko Udalak jaiak bertan behera uztea erabaki du. Horien artean daude San Juan suak, auzoetako jaiak, Karmengo jaiak eta Santanatxu. Egungo egoeraren ondorioz, eta hauetan jendetza pilatzen delako, ezinezkoa da osasun eta segurtasun publikoko berme guztiekin egitea.


Erabakia aho batez hartu da, Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien babesarekin, eta herritarrekiko erantzukizunez jokatuz.


Andoni Agirrebeitiak, Amorebieta-Etxanoko alkateak, adierazi du erabaki zaila dela eta azken ordura arte erabakia hartzeko zain egon direla, gauzak nola doazen ikusi arte: "Badakigu neurri gogorra dela eta onartzeko zaila, baina egoerari aurre egiteko behar dugun erabakia da, eta zornotzar guztien eta udako jaiez gozatzera gure herrira etortzen diren asko eta askoren osasunari lehentasuna ematen dion erabakia da."


Horrela, Amorebieta-Etxanoko Udalak egungo osasun eta ekonomia larrialdiari lehentasun osoa ematen dio, baina aldi berean ahal duen guztia egingo du neurri honek eragingo dien profesionalek izango dituzten galerak konpentsatzeko.  Halaber, Udala jaiak antolatzen dituzten elkarte guztiekin harremanetan jarriko da, bestelako aukera batzuk eman ahal izateko, eta beraien jardunarekin jarraituko dutela bermatzeko.


Aipatu diren elkarte eta profesional batzuek, Amorebieta-Etxanoko beste kolektibo batzuekin batera, uztailaren 15etik 27ra antolatuko den online programazioan parte hartuko dute, herriko jaiak aitzakia hartuta. Gainera, herritarrei dei egiten zaie jaietako zapiak dituztenek jar ditzaten beraien balkoi eta leihoetan, modu sinbolikoan.