Amorebieta-Etxanoko Udalak izaera sozialeko eta etxebizitzarekin zerikusia duten dirulaguntzak eskatzeko epea irekia du

2022/07/08
Udalak, besteak beste, 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako alokairurako dirulaguntzak emango ditu, bai eta etxeetan irisgarritasuna bermatzeko laguntzak ere, bainuontziak dutxengatik aldatzea aurreikusten dutenentzat.

Amorebieta-Etxanoko Udalak izaera sozialarekin, etxebizitzarekin eta irisgarritasunarekin lotutako dirulaguntzak argitaratu ditu  Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO), zehazki lau lerro. Interesdunek eskaerak egiteko epea zabalik dute Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan. Udalak, horrela, gehien behar duten herritarrei laguntza emateko eta egoera ahulenean dauden kolektiboekin hainbat erakundek egiten duten lana balioesteko helburuarekin jarraitu nahi du. Ildo horretan, argitaratu berri diren dirulaguntzak honako hauek dira:

Behar bereziak dituzten adingabeentzako dirulaguntzak
Desgaitasuna duten eta udalerrian bizi diren adingabeei (6-18 urte) laguntza ekonomikoa emateko Udalak ematen dituen laguntzetara bideratuta dago dirulaguntzetako bat, desgaitasuna dutelako sortzen diren tratamendu-premiei erantzuteko helburuarekin. Haur eta gazteen garapenerako tratamendu terapeutikoak ematen dituzten erakundeek ematen dituzten tratamenduek eragindako gastuak ordaintzeko erabiliko da laguntza ekonomikoa. Tratamendu horiek Bizkaiko Foru Aldundiak baimentzen ditu, Haurren Garapenerako eta Arreta Goiztiarrerako Zentro gisa, EAEko arreta goiztiarreko esku-hartze integraleko zentro gisa, edo gizarte-zerbitzuen eremuan jarduten duten eta onura publikokotzat jotzen diren irabazi-asmorik gabeko erakunde gisa. Aipatutako diru-laguntzetarako 25.000 euro bideratuko dira guztira. Laguntza eskatzeko epea urriaren 31n amaituko da.

Gizarte ekintzarako dirulaguntza
Gizarte ekintzaren arloko laguntzak, bestalde, legez eratutako irabazi-asmorik gabeko erakunde edo elkarteek eskatu ahal izango dituzte, egoitza Bizkaian dutenek eta beren jarduerak Amorebieta-Etxanon garatzen dituztenek. Era berean, laguntza hau jaso ahal izango dute udalerrian erroldatuta dauden irabazi-asmorik gabeko talde baten ordezkari partikular gisa udalerrian garatzen ari diren proiektuak aurkezten dituzten pertsonek.  Amorebieta-Etxanon baztertuta edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden gizarte-kolektiboen prebentzioan, arretan, sustapenean eta gizarteratzean lan egiten duten erakundeei laguntza ematea da helburua. Aipatutako diru-laguntzetarako 30.000 euro bideratuko dira gehienez. Laguntza eskatzeko epea uztailaren 20an amaituko da.

Gazteentzako dirulaguntza, etxebizitzak alokatu ahal izateko
Dirulaguntzen hirugarren ildoari dagokionez, gazteentzako etxebizitzak alokatzeko laguntzari egiten dio erreferentzia. Horrela, Udalak, neurri batean, 18 eta 35 urteko gazteei alokairua ordaintzen lagundu nahi die, baldin eta Amorebieta-Etxanon alokairuko etxebizitza bat badute edo horretarako konpromisoa hartzen badute urriaren 31 baino lehen. Laguntzak alokairuak hamabi hilabetez dakarren gastuari aurre egiteko balioko du, betiere beharrezko baldintzak epe horretan mantentzen badira. Eskatzaileek ez dute inolako etxebizitzarik jabetzan izan beharko, salbu eta jaraunspen edo dohaintza bat eskuratu badute, titular-kidetasun ehunekoek %50 gainditzen ez badute eta etxebizitzako partaidetzen balioak 75.000 euro gainditzen ez badituzte. Era berean, dirulaguntza aldian alokatutako etxebizitza horretan erroldatuta egon beharko dute eta urtean 28.000 euro gordin baino gutxiagoko diru-sarrerak izan beharko dituzte. Laguntza jasotzeko ezinbesteko beste baldintzetako bat da Amorebieta-Etxanoko Udalaren zergen, tasen, arbitrioen eta zehapenen ordainketak egunean izatea. Dirulaguntza eskatzeko epea urriaren 31n amaituko da. Laguntza ekonomiko horretarako 20.000 euro bideratuko dira gehienez.

Etxeetan oztopo arkitektonikoak kentzeko laguntza
Amorebieta-Etxanoko Udalak ere udalerrian oztopo arkitektonikoak kentzeko laguntzak eskatzeko epea ireki du. Hala, 80 urtetik gorako pertsonei laguntza ekonomikoa eman nahi die, zehazki, dutxa irisgarririk ez duten lehen etxebizitzetako bainuontzia dutxagatik aldatu ahal izateko. Onuradunak egunean izan beharko ditu Udalarekiko zerga-betebeharrak, ezin izango du 15.000 euro baino gehiagoko ondare higigarririk izan, ez eta jabetzako bigarren etxebizitzarik ere, eta Udalari jakinarazi beharko dio obraren jarduketa. Deialdi honetarako, guztira, 6.000 euro bideratuko dira. Atal honetan ere aurkezteko epea urriaren 31n amaituko da.

Laguntzen oinarri guztiak www.amorebieta-etxano.eus webgunean daude.