Amorebieta-Etxanoko Udalak irmoki gaitzetsi eta kondenatu du asteburuan gazte batek jasandako erasoa

2021/07/29
• Udalaren babesa eta laguntza eskaini diete biktimaren senitartekoei. • Udalak gogoratu du Amorebieta-Etxano herri segurua dela.

Amorebieta-Etxanoko Udalak jakinarazi du, igande goizaldean Amorebieta-Etxanon gazte batek jasandako erasoa irmoki gaitzesten duela eta adierazi, era guztietako indarkeriak kondenatzen dituela.  Era berean, berretsi du Udalaren babes guztia dutela erasoa jasandako gazteak eta honen senitartekoek, eta behar duten guztian laguntzeko prest dagoela.

Zornotza herri segurua da

Amorebieta-Etxano herri segurua dela azpimarratu nahi du Udalak, gogoratu hau ez dela zornotzarrek  erabaki duten herria, eta asteburuko gertakizuna kasu puntual bat dela adierazi. Gogorarazi du holako gertaerak saiheste aldera, Udalak neurriak hartuak dituela, Udaltzaingoaren presentzia indartuz eta Ertzaintzarekin hartu-emana areagotuz.

Ertzaintzaren ikerketak, aurrera

Azken atxiloketen harira, Ertzaintza egiten ari den ikerketa aurrera doala gogoratu dute. Udalak eskerrak eman nahi dizkie Ertzaintzari eta Udaltzaingoari, erraza ez den egoera honetan, egiten ari diren lanagatik.

Lemoako kontzentrazioari babesa

Lemoako Udalak, erasoa jasandako gaztearen herria izaki, kontzentrazioa deitu du  gaur, arratsaldeko 20:00etan, udaletxearen aurrean. Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egin du deialdiarekin, eta udal ordezkariak bertan izango direla jakinarazi du. Era berean, dei egin die herritarrei parte hartzera.