Amorebieta-Etxanoko Udalak ikastaro berriak aurkeztu ditu otsailetik ekainera doan epealdirako

2021/02/04
Oraingo honetan, joan den urrian hasi ziren urteroko ikastaroez gain, Kultura Sailak ikastaro zehatzen katalogo bat prestatu du, sukaldaritza, argazkilaritza, nutrizioa edo dekorazioa bezalako gai anitz eta interesgarriekin. Udalaren Berdintasun Sailetik ere, emakumeei zuzenduriko sei ahalduntze tailer ezberdin antolatuko dira.

Amorebieta-Etxano, 2021eko otsailaren 4ean, osteguna. Urte berriaren hasierarekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak, bere sail ezberdinen bitartez, 2021eko otsaila eta ekaina bitarteko ikastaroen programazioa aurkeztu du. Horrela, zabalik dago epealdi honetarako eskaintzen diren urteko ikastaroetan zein ikastaro puntualetan izena emateko epea.

Ikastaro puntualen katalogoari dagokionez, oraingo honetan, Kultura Sailak sukaldaritza, argazkigintza, nutrizioa eta dekorazioa bezalako gai anitz eta interesgarriak gehitu ditu. Seihilabeteko honetan, zortzi ikastaro aurkeztuko dira: “Mediterraneoko sukaldaritza”, “Gozogintza eta pastelgintza”, “Elikadura Covid garaian”, “Elikadura afektiboa”, “Hasiberrientzako argazkilaritza”, “Photohitzak, Argazkilaritza eta literatura tailerra”, “Nire emozioak arte bihurtuz” eta “Oinarrizko dekorazio paktikoa”. Kasu honetan, izena emateko epea otsailaren 1etik 19artekoa izango da.

Saloi dantzak, Bitxigintza, Yoga, Mindfulness, Joskintza edota Zur langintza bezalako urte osoko ikastaroak joan den urrian hasi ziren eta dituzten ezaugarriengatik, edozein unetan sar daitezke ikasleak. Ikastaro horietan izena emateko aukera dago, betiere plaza libreak geratzen badira eta ikastaro bakoitzeko ikasle kopuru gehienera iritsi arte. Plaza librerik egotearen kasuan, etorrera ordenaren arabera esleituko dira. Hauek esleitzeko epea astelehen honetan, otsailaren 1ean, hasi zen.

Udalaren Berdintasun sailetik ere, emakumeei zuzenduriko sei ahalduntze tailer ezberdin antolatuko dira. Martxoa eta ekaina bitartean burutuko diren ikastaro hauen helburua emakumeen ahalduntzean laguntzea da, emakumeek udalerriko bizitza politikoan eta sozialean parte har dezaten bultzatuz. Zehazki, tailerrak honakoak dira: “Sexualitatea norbere burua ezagutzetik plazerrera”, “Begiak irekita maitatzeko artea” , “Nola hitz egin jende aurrean” , “Autodefentsa feminista” eta “Sexualki esplizituak diren dantzen bidez ahalduntzea”.

Tailer hauetan, parte hartu nahi duten emakume orok otsailaren 17ra arte eman dezake izena 94 630 01 90 telefono zenbakira deituz edo berdintasuna@amorebieta.eus helbidera mezu bat bidaliz. Tailerrak doakoak eta aurrez aurrekoak izango dira, osasun-egoerak eragozten ez badu; ezinezkoa bada, online egingo dira.

Azkenik, gazteentzako ikastaroei dagokienez, otsailaren 6an antolatuko den “Zure ziklo menstruala ezagutu!” ikastaroa, otsailaren 11ean online egingo den “Elikadura eta osasuna bizitzaren hainbat alderditan” ikastaroa eta ekainaren 12an burutuko den eta 12-16 urte bitarteko emakumeei zuzenduriko “Autodefentsa feminista” tailerra nabarmentzen dira.

Ikastaroen nondik norakoei eta programazioari berari buruzko informazio zabalagoa izateko klikatu esteka honetan.