Amorebieta-Etxanoko Udalak ibilgailu elektrikoen lehenengo kargagailua jarri du

2019/05/22
• Arin kargatzeko zutoina San Migel kaleko 18. zenbakiaren aurrean jarri da • Udalak jasangarritasunaren aldeko neurriak hartzen jarraitzen du, ingurumena zainduz

Amorebieta-Etxano, maiatzaren 22a. Amorebieta-Etxanok ekainaren 1etik aurrera ibilgailu elektrikoentzako karga azkarreko lehenengo kargagailu bikoitza izango du. San Migel kaleko 18. zenbakiaren aurrean egongo da. Kargagailua Udalarena izango da eta entxufatu daitezkeen ibilgailu elektriko eta hibridoek erabili ahal izango dute. Bi ibilgailu batera hornitzeko aukera emango du, guztira 43 kW-ko potentziarekin. Kargagailuak modu inteligentean kudeatuko du karga osoaren potentzia eta ibilgailu batetik bestera aldatu egingo da, bakoitzak une horretan duen beharraren arabera.

Kargagailua erabiltzeko, app bat instalatuta izan beharko du erabiltzaileak bere telefono mugikorrean. App hori erabili beharko da erabiltzailea erregistratzeko, tasa ordaintzeko edo egun eta ordu konkretu baterako kargagailua erreserbatzeko. Instalatu ondorengo lehenengo urtean, kargatzea doakoa izango da.

Ibilgailuen bateriak kargatzeko jarriko diren bi leku horietan, gehienez ere lau ordutan egon ahal izango da. Honekin txandakatzea bermatu nahi da.

 Amorebieta-Etxanoko Udalak udalerri jasangarri baten alde egiten du neurri honekin, ingurumena zaintzen duen baten alde.