Amorebieta-Etxanoko Udalak hobekuntza nabarmenak bultzatu ditu kaleak garbitzeko eta hondakinak biltzeko zerbitzuan

2022/07/01
Udalak makina berritzaileak jarri ditu martxan, isuri kutsatzaileak murrizteko; horrez gain, 400 edukiontzi berri jarri ditu herrian zehar.

Amorebieta-Etxanoko Udalak  ibilgailu elektrikoak eta edukiontzi berriak jarri ditu, udalerriko bideak garbitzeko eta hondakinak biltzeko zerbitzuan jasangarritasua eta eraginkortasun energetikoa bultzatzeko. Juan Mº Ugaldek, Iraunkortasun eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duen bezala, «hobekuntza hauen helburua da guztion artean ingurumen-onura handiagoa lortzea».

Udalaren proposamena funtsezko lau zutabetan oinarritzen da: ezagutza, konpromisoa, sormena eta berrikuntza eta herritarrekiko lankidetza, zerbitzu eraginkor, bideragarri, berritzaile eta iraunkorra emateko. Horretarako, bilketa-sistemaren errendimendua eta produktibitatea optimizatu dira, eta gaikako bilketa bultzatu da, bai etxean eta baita merkataritzan ere, beti ere, zerbitzuak herritarren eskaeretara egokituz.

Era berean, makina eta ibilgailu berritzaileak izateari esker, zerbitzuaren eraginkortasun energetikoa nabarmen hobetu da, eta horrek mesede handia egiten dio udalerriari. «Bi garbitze makina elektriko, lau ibilgailu arin eta petrolio-gas likidotuarekin (PGL) funtzionatzen duen kamioi laguntzaile bat gehitu ditugu zerbitzura. Hiri-hondakin solidoak biltzeko eta kaleak garbitzeko, autogasek bultzatutako ibilgailuak eta ibilgailu elektrikoak erabiltzen dira, ohiko erregaiekiko abantailak dituztenak: emisio kutsatzaileak murrizten dituzte, zerbitzuetako zarata gutxitzen dute, ECO etiketa dute, erregaiaren kostua kilometroko murrizten dute eta autonomia handiagoa dute», nabarmendu du Ugaldek.

Birziklapena bultzatzea helburu: 400 edukiontzi berri
Udalak herritarrak kontzientziatu eta birziklapena sustatu nahi ditu eta hori lortzeko hondakinak bertan uzteko 400 edukiontzi berri jarri ditu udalerrian zehar. «Hobekuntza honi esker bilketa-denbora murriztu egin da, baita kamioien gas-isurketa ere. Hala, trafikoaren gaineko eragina gutxitzen da, eta, horren ondorioz, kutsadura akustikoa eta karbono dioxidoaren emisioa ere bai», gaineratu du Iraunkortasun eta Zerbitzuetako zinegotziak.