Amorebieta-Etxanoko Udalak hiru proposamen programatu ditu Zornotza Aretoan, Km0 Programaren baitan
Zornotzarrek ekoitzitako hiru kultur ikuskizun izango dira maiatzean Amorebieta-Etxanoko Udalak antolatutako kultur programazioan. 2022ko Km0 programaren barruan, Udalak antzezlan bat, dantza ikuskizun bat eta zirku bat programatu ditu. Km0 programaren helburu nagusia da bakarka, kolektiboan edo enpresa gisa, arte eszenikoen munduan hasten ari diren zornotzarrei eta kolektiboei presentzia ematea. Horrela, Km0 programari esker, musikan, antzerkian edo dantzan modu erdiprofesional edo profesionalean hasten ari diren herritarrei kontratatua izateko aukera ematen zaie, hau da, beraien lanak udal espazio batean eta tokiko programa baten babesean aurkezteko tartea. Kontratazio hori lagungarri izaten da, kasu askotan, mundu profesionalean lehen urratsak emateko, profesionalizaziorako bultzada jasotzeko edo arte eszenikoen funtzionamendua modu profesionalean ezagutzeko.
Alternatiba profesionala
Amorebieta-Etxanoko Udalaren nahia da zornotzar artista berriei euren hastapen profesionaletan laguntzea eta egiten duten lana herrian ezagutaraztea. Era berean, arte eszenikoak alternatiba profesional gisa aurkeztu eta nabarmendu nahi ditu Udalak, aisitik haratago, aukerak dituen sektore gisa.
Hiru espektakulu
Udazkenean ireki zen arte eszenikoen erakustaldietarako proposamenak aurkezteko epea, eta maiatzean egin da emanaldien aurkezpena:
Maiatzak 6 | `Ausarta´ | Loturak dantza taldea. Rosa Rementeria zornotzarrak zuzendutako dantza ikuskizuna. Prezioa: 6 euro. SARRERA
Maiatzak 13 | `(EI)BION(m)BO(A)´ | Artez Hobe Larraitz Garcia Hernadok zuzendutako antzezlana, Xabier Goitiandia, Lolin Goitiandia eta Amagoia Azkonak interpretatua; zornotzarrak guztiak. Herriko konpainia honen bigarren lana da. Prezioa: 3 euro. SARRERA
Maiatzak 27 | `Bidean bidai´ | Dantza Zirko Kabareta. Ikuskizuna kabaret zirko bat da. Amaia Uriarte eta Iera Gomez zornotzarren proiektua da, Unai Rojo eta Fernando Atecaren lankidetzarekin. Prezioa: 3 euro. SARRERA
Sarrerak Zornotza Aretoaren webgunean daude salgai: https://sarrerakzornotzaaretoa.com.