Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarren proposamenak jasoko ditu aurrekontu parte-hartzaileetarako

2020/02/28
• Martxoaren 1etik apirilaren 30era arte, zornotzarrek ekarpenak egin ahal izango dituzte 2021eko kontuetan sar daitezen. • Aurreikusitako inbertsioen %25 aurrekontu parte-hartzaileetan proposatutako proiektuetarako izango da, hau da, 840.000 euro.

Amorebieta-Etxano, 2019ko otsailaren 28a. Amorebieta-Etxanoko Udalak martxoaren 1etik aurrera datorren urterako aurrekontu parte-hartzaileetarako proposamenak jasoko ditu.

Prozesu irekia da eta herritarrek beraien ekarpenak egin ditzakete eta adierazi udal aurrekontuaren zati bat zertan erabiliko luketen.  Proposamenak egiteko epea zabalik egongo da 2020ko apirilaren 30era arte eta horretarako Udaleko web orrian, Herritarren Arreta Zerbitzuan zein Zelaieta Zentroan dauden inprimakiak erabili daitezke : https://www.amorebieta-etxano.eus/eu/udala/aurrekontu-parte-hartzaileak-2021

Aurrekontu parte-hartzaileetarako aurrekontu zuzkidura 2021erako aurreikusitako inbertsioen %25ekoa da, hau da, 840.000 euro gutxi gorabehera.
Maiatzaren 1etik irailaren 30era bitartean, udal sailek proposamenen edukia aztertuko dute ikuspuntu tekniko, juridiko eta ekonomiko batetik.  Aurreko baldintzetarikoren bat betetzen ez duten proposamenak ez dira hurrengo fasera pasatuko. Oniritzia jaso ondoren, sailak lehentasun hurrenkera bat ezarriko du aurrekontuen proiektuan sartzeko. Ondoren Udalak udal kontuetan sartu diren proiektuak zeintzuk diren jakinaraziko du.

Amorebieta-Etxanoko Udalak zornotzarrek herrian bizi kalitatea hobetzeko aurkeztutako beharrizanei erantzuteko konpromisoa hartuko du.

Zentzu honetan esan beharra dago Udalak 171 zornotzarren eskaria erantzun duela, eta eskari horien artean azpimarratu behar dira ondorengo hauek:

Karmen kalean jarriko den igogailua, Ganeko igerilekuetako ur jolas berriak, Jauregibarrian txakurrak solte izateko gune bat, Etxanon komun publikoak jartzeko proiektua eta Dudagoitiara ura emateko proiektua, beste batzuren artean.