Amorebieta-Etxanoko Udalak hasi ditu Dudagoitiako auzoa urez hornitzeko sare berriaren obrak

2021/12/02
Dudagoitia auzoa urez hornitzeko obrak lau hilabete inguruz luzatuko dira eta Udalak 200.000 euro inguruko inbertsioa egitea aurreikusi du.

Amorebieta-Etxanoko Udalak hasi ditu Dudagoitiako auzoa ur edangarriz hornitzeko obrak: ur hornidura sare berria egingo du Dudeako San Migueletik Dudagoitia auzoraino. Hala, presio-talde berri bat instalatuko du Udalak, exekuzio berriko etxola batean eta hornidura-sareko konexioa intentsitate handiko polietilenozko hodi baten bidez egingo da.

Obra hasi berri du Udalak, eta lau hilabeteko epean ura hornitzeko sare berria eginda izatea aurreikusi da. Amorebieta-Etxanoko Udalak 200.000 euro bideratuko ditu inbertsio honetarako.

Amorebieta-Etxanoko auzoak edateko urez hornitzea, helburu
Dudagoitiako auzoak Aietzako errekako hargune batetik datorren ura erabiltzen du egun: zaharkituta dagoen sare baten bitartez banatzen da baserrietara, eta askotan, matxurak izaten ditu. Ura hornitzeko sare berriari esker, udal-saretik jasoko du ura Dudagoitiak eta ur hori edangarria izango da.

Amorebieta-Etxanoko Udaleko gobernu-taldeak legegintzaldiaren hasieratik erakutsi du herriko auzoetan inbertitzen jarraitzeko konpromisoa, kasu honetan, hornidura eta saneamendu lanak eginez. Hala, Dudagoitiako obrarekin batera, Kimeran, La Bañeran, San Juan de Ergoienen, Alakaon eta Saratzun egin ditu lanak Udalak.