Amorebieta-Etxanoko Udalak Gudari kalea berrantolatuko du eta 35 aparkaleku berri sortuko ditu

2022/04/01
• Helburua da Gudari kalea birmoldatzea, akaberei, espaloiaren sekzioari eta ibilgailuen bideari, eta aparkalekuei dagokienean. • Udalak lizitaziora atera du obra eta 300.000 euro inguruko aurrekontua bideratuko du. Egikaritze fasea hasita, lanak 4 hilabeteko epean bukatuta izatea aurreikusten du.

Amorebieta-Etxanoko Udalak lizitaziora atera du Gudari kalea berrantolatzeko obra, Ogenbarrena inguruarekin bat egiten duen eremuan. Gaur egun, Ogenbarrenako lanak  azken fasean daude, eta, ondorioz, espaloiek  zabalera handiagoa izango dute, eta parterre berriak, zuhaitzak, kale-altzariak eta abar jarriko dira. Gudari kalea berrantolatzearen helburua da eremuari akabera berriak ematea, espaloiaren sekzioa eta ibilgailuen bidea lantzea, eta aparkaleku berriak sortzea; bestalde, Biarritz industrialdera sartzeko biribilgunea ere berrantolatuko da, trafikoaren zirkulazioa hobetzeko helburuarekin. Jarduketa horiei esker, bat egiten duten bi eremuak konpentsatuta geratuko dira hirigintza aldetik.

Andoni Agirrebeitia Abendibarrek, Amorebieta-Etxanoko alkateak azpimarratu du Udalak egunero diharduela lanean zornotzarrek beren beharrei erantzungo dien udalerri bat izan dezaten: «gure konpromisoa argia da legegintzaldiaren hasieratik. Amorebieta-Etxano etengabe aldatzen ari den herria da, eta, ahal den neurrian, herritarren beharretara eta eskakizunetara egokitzea da gure eginbeharra. Amorebieta-Etxano herri jasangarriagoa izatea dugu helburu, erosoagoa eta oztoporik gabea».

Udalak 300.000 euro inguruko aurrekontua bideratuko du proiektu honetara, eta egikaritze-fasean sartzen denean, lau hilabeteko epean egina egotea aurreikusten du.

Hainbat jarduera
Egingo diren lanek espaloi-lerro berri bat emango diote Gudari kaleari, zintarri eta akabera berriekin. Espaloiko baldosen zati bat eraitsiko da barbakanak, sarbideak eta abar sortzeko. Era berean, oinezkoentzako eremuetatik, zintarrietatik, eta elkarguneetatik baldosak kenduko dira, eta errotulazio elebiduneko kutxatila-tapa berriak jarriko dira. Seinale bertikalak eta horizontalak ere berrituko dira, "Amorebieta-Etxano Bizikletaz 2022" bizikleta-planarekin koordinatuta. Biribilguneari dagokionez, zuhaitz berriak landatu eta txorkoak berrituko dira.

Azkenik, Gudari kalearen berrantolaketa berriari esker, galburu itxurako 35 aparkaleku berri sortuko dira, herritarren eta inguruko bizilagunen eskaerari erantzunez. Era berean, autobus-geltokia berrantolatzea eta konfiguratzea ere aurreikusten da.