Amorebieta-Etxanoko Udalak gogor gaitzetsi du asteburuan Bilbon emakume batek jasandako eraso matxista

2021/09/28
• Adierazpena EAJ-PNV, PSE-EE eta Podemosen botoekin onartu da. • Udalak emakumeen aurkako indarkeria guztiak desagerrarazteko konpromisoa berretsi du eta elkarte feministek egindako deialdietan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Amorebieta-Etxanoko Udalak adierazpena onartu du EAJ-PNV, PSE-EE eta Podemosen botoekin, asteburuan Bilbon emakume batek jasandako eraso matxista irmoki gaitzesteko eta arbuiatzeko, eta baita ere biktimarekiko eta bere ingurukoekiko babesa eta hurbiltasuna agertzeko. Azpimarratu nahi dugu indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria dela; are gehiago, lehen mailako arazo soziala da, indarkeria hori sufritzen duten eta aurre egiten dioten emakumeen eta LGTBI+ pertsonen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurka doana. Indarkeria matxista ez da ekintza isolatu bat, gure gizartea egituratzen duten jokabide esplizitu, mezu normalizatu eta sinbolikoen multzo bat da, emakumeak gizonen mende mantentzeko eta gaur egungo sistema heteropatriarkalak ezarritako mugak hausten dituzten gorputz, eredu edota jokabiderik ez izateko azken helburua duena.

Ildo horretan, Amorebieta-Etxanoko Udalak, emakumeen eta LGTBI+ pertsonen giza eskubideak egikaritzeko modu eraginkorra bermatzeaz arduratzen den erakunde publikoa den aldetik, honako neurriak bultzatzen jarraituko du, udal-erakundeek eta, oro har, herritarrek edozein eraso matxistari berehala eta irmoki erantzun diezaioten: lehenengo, biktima lehentasunez artatzea; ondoren, prebentzio-jarduerak garatzea, emakumeek eta LGTBI+ pertsonek indarkeriari aurre egiteko eta erasotzaileen zigorgabetasun soziala ez ahalbidetzeko tresnak izan ditzaten. Horrez gain, Udalak konpromisoa hartzen du bere eskumenak erabiltzen jarraitzeko, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko.

Korporazio gisa, gure konpromisoa berretsi nahi dugu pertsonen bizitzaren, askatasunaren, duintasunaren eta herritartasun osoaren aurkako indarkeria-mota guztiak desagerrarazteko. Indarkeria matxista eta homofoboa emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpenik bortitzena da, beraz, beste behin ere indarkeria mota ororen aurkako gaitzespena adierazi nahi dugu.

Era berean, Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egin du elkarte feministek deitutako gaitzespen-ekitaldiekin, eta dei egiten diegu herritarrei horietan parte hartzera eta babesa ematera, pertsona guztien aurkako erasoak gaitzesteko.