Amorebieta-Etxanoko Udalak gimnasia ikastaroa antolatu du 65 urtetik gorakoentzat

2021/08/25
• Ikastaroaren helburua da nagusien ariketa fisikoa eta bizimodu osasuntsua sustatzea. • Ikastaroan izena emateko epea zabalik izango da irailaren 1etik 24ra. Saioak urriaren 4an hasiko dira .

Amorebieta-Etxanoko Udalak mantentze gimnasia ikastaroa antolatu du 65 urtetik gorako pertsonei zuzendua. Aurreko urteetan egin duen moduan, ikastaroa Udaleko Kultura eta Kirol Sailak antolatu du, nagusien ariketa fisikoa eta bizimodu osasuntsua sustatzeko. Ikastaroa Zelaieta zentroan izango da, eta helburua intentsitate leuneko jarduera fisikoa egitea denez, hiru arlo uztartuko dira: egokitzapen fisiko orokorra, jolas jarduerak eta erritmo jarduerak.

 

Izen-ematea irailaren 1etik aurrera

Ikastaroan parte hartu nahi duten zornotzarrek irailaren 1etik 24ra izango dute zabalik izena emateko epea, Zelaieta zentroan. Ikastaroetako partehartzaileak hainbat taldetan banatuko dira, eta bakoitzak bere ordutegia izango du. Saioak 12:00etatik 14:00etara izango dira, eta bakoitzak 30 minutuko iraupena izango du. Irailaren 30ean jakinaraziko da taldeen banaketa eta bakoitzaren ordutegia. Saioak urriaren 4an hasiko dira.

 

Babes neurriak, bermatuta

Udaletik gogoratu nahi da ikastaroetan babes neurriak mantendu behar direla: maskara uneoro jantzita eraman beharko da eta bakoitzak bere eskuoihala eramango du. Osasun baldintzen segurtasuna mantentzeko beharrezkoak diren arauak ezarriko dira, eta unean-unean legez aginduta indarrean dauden arau guztiak izango dira kontuan.