Amorebieta-Etxanoko Udalak eta Zornotzako Talde Feministak eraso sexisten aurrean erantzuteko protokoloa aurkeztu dute

2022/07/15
Protokoloa elkarrekin osatu dute eta indarkeria-motak identifikatzea eta salatzea du helburu, eta asteburu honetan eta hurrengoan aktibatu ahal izango da.

Amorebieta-Etxanoko Udalak eta Zornotzako Talde Feministak Karmen eta Santanatxu jaietan, asteburu honetan eta hurrengoan, gerta daitezkeen eraso matxisten aurrean jarduteko protokoloa adostu dute, eta tabernetan zein txosnetan banatuko da. Izan ere, Ainhoa Salterainek, Gizarte Ekiintza eta Berdintasun zinegotziak nabarmendu duen bezala, “egunero pairatzen ditugu eraso matxistak hainbat gunetan, eta jaietan ere izaten dira”. “Nahiz eta batzuetan zaila izan detektatzea beren ezaugarriengatik, hor daude. Indarkeria matxistak forma desberdinak har ditzake; horregatik, funtsezkoa da garrantzi bera ematea denei, arinak zein larriak izan. Eraso guztiak dira eraso matxistak: irainak, jeloskortasuna, xantaia emozionalak, mespretxuak, kolpeak, sexu-jazarpena, bortxaketak, hilketak...”, gaineratu du zinegotziak. Zentzu honetan, protokolo berriak indarkeria motak identifikatzea eta salatzea du helburu. Gainera, eraso matxistekin amaitzeko, ezinbestekoa da modu bateratuan erantzutea eta lanketa hori egin dute Zornotzako Talde Feministak eta Udalaren, era bateratuan, kolektiboan eta koordinatuan protokoloa landuz.

Noiz aktibatzen da protokoloa?
Protokoloa aktibatuko da erasoren bat ikusten denean, hala nola, norbait hurbiltzen denean erasoren bat jasan duela esatera edo norbaitek esaten duenean eraso baten lekuko izan dela. Ildo horretan, protokoloak egoera horien aurrean bete beharreko jarraibideak zehazten ditu. Honela, norbaitek uste badu pertsona bat arriskuan dagoela, laguntza behar duen galdetu behar dio, eta ez bakarrik utzi. Beharrezkoa bada, Udaltzaingora (946300160), Durangoko Ertzaintzara (944669300) edo SOS deiak (112)-era deitu beharko da. Lehentasun handiko egoera izango da; beraz, abisua jasotzen duen pertsonak egiten ari dena utzi beharko du, eta erasoa jasan duen pertsonari arreta jarri. Azken batean, laguntza emozionala eskaini behar da, bera baita lehena. Halaber, adi-adi entzun behar da erasoa jasan duenak zer kontatzen duen (azalpenak, beharrak...). Bestalde, 20: 00etatik 00: 00etara pertsona horri lagundu ahal izango zaio Indarkeria Sexistarik Gabeko eraso matxisten aurkako informazio gunera gerturatuz. Gunea uztailaren 15ean eta uztailaren 16an, eta uztailaren 22, 23, 24 eta 27an Zelaieta parkean egongo da zabalik. Biktimaren arretarako telefono-zenbakira ere deitu ahal izango da,  722232869 telefonora, Amorebieta-Etxanoko jaietarako egokitua. Telefono zenbakia 24 orduz egongo da indarrean gaur eta bihar eta datorren asteburuan, eta larrialdiko une horretan egin dezakeenaren berri emango zaio.

Bestalde, norbaitek eraso matxista baten berri ematen badu, erasotzailea identifikatu beharko du, eta argi utzi haren jardueraren aurka dagoela. “Amorebieta-Etxanon ez dugu onartzen eraso matxista, lesbofobo eta homofoborik”, nabarmendu dute Amorebietako Udalak eta talde feministak. Horrela, erasotzailea baztertu eta egoera gelditzen saiatu behar da, jai-esparrutik alde egiteko eskatuz, ez baita bertan jarrera matxistarik onartzen. Gainera, erasoa jasan duen pertsonaren baimenarekin, 722232869 telefonora deitu behar da. Arreta profesionala eskainiko dute bertan. Beharrezkoa izanez gero, lehen aipatutako larrialdietarako telefonoetara ere deitu beharko da, eta harekin egon polizia edo larrialdi-zerbitzuak iritsi arte. Salaketa bat jarri nahi izanez gero, polizia-etxera lagundu behar zaio, eta, aitzitik, salaketa jarri nahi ez badu, errespetatu egin behar du. Gainera, osasun-arreta behar badu, 112 telefonora deitu behar du, eta biktimak osasun-laguntza behar badu, jakin behar du osasun-langileak behartuta daudela izapideak egitera.

Salaketa egiteko beraz, ondo pentsatu beharko du zer informazio eman behar dien. Bestalde, zalantzarik badu,
salatzeari buruz, laguntzaileak adierazi behar dio 900840111 telefonora dei dezakeela, 24 orduz,
beharrezko informazioa jasotzeko. Eta, azkenik, bortxaketa jasan badu, arropa ez garbitzeko eta ez aldatzeko aholkatu behar zaio, proba gisa erabili daitekeelako. 

Lokal pribatu eta txosnetarako gomendioak
Protokoloak, halaber, lokal pribatuetarako gomendatutako jarduerak zehazten ditu, hala nola, musika itzaltzea eta argiak bost minutuz piztea erasotzaileari lokaletik alde egiteko eskatuz, lokalean dauden pertsonek zer gertatzen ari den jakin dezaten. Eta txosnetan bi olana jarriko dira eraso matxistak gaitzesteko, eta gomendio moduan protokoloak argiak piztea, musika itzaltzea eta iragarkiak bost minutuz jartzea azaltzen zaie.

IKUSI PROTOKOLOA