Amorebieta-Etxanoko Udalak eta Durangaldeko Mankomunitateak aisialdiko begirale ikastaro arautua emango dute gazteentzat.

2020/09/09

Amorebieta-Etxanoko Udalak eta Durangaldeko Mankomunitateak, Durangaldeko Gaztedi planaren barruan, haur eta gazteentzako aisialdiko eta denbora libreko begirale izateko ikastaro arautua emango dute, 18 eta 29 urte bitarteko eskualdeko gazteei zuzenduta. Interesa duten pertsonek bihartik hilaren 30era arte eman ahal izango dute izena (plaza mugatuak).

Prestakuntza euskaraz emango da eta doakoa izango da Abadiñon, Amorebieta-Etxanon, Atxondon, Berrizen, Durangon, Elorrion, Ermuan, Garain, Iurretan, Izurtzan, Mallabian, Mañarian eta Zaldibarren erroldatuta daudenentzat. Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen eta hemendik aurrera Durangaldeko Mankomunitateak dinamizatuko eta koordinatuko duen Gaztedi Durangaldea programak gazteen laneratzea eta enplegagarritasuna hobetzeko ekintzak jartzen ditu abian.

Kolektibo horren enplegagarritasuna hobetzeaz gain, ikastaroaren bitartez euskarazko prestakuntza-eskaintza zabaltzen da, kasu honetan aisialdiko begirale-ikastaro arautu batekin. Ikastaroaren bitartez, urtean zehar eskualdeko udalek, elkarteek eta ikastetxeek abian jartzen dituzten haur eta gazteen aisialdirako jardueretarako langile kualifikatuen beharrak asetzea bilatzen da.

Ikastaroa urritik martxora izango da, Durangoko Ibaizabal ikastolan, eta 150 orduko prestakuntza teorikoa eta 160 ordu praktiko bilduko ditu. Alderdi teorikoak haurren eta gazteen aisialdiko hezkuntza jarduerei, talde eta hezkuntza prozesuei eta aisialdiko jardueretako animazio teknikei eta baliabideei buruzko ikasgaiak bilduko ditu. Prestakuntza osatzen dutenek haurren eta gazteen aisialdiko jarduerak dinamizatzeko profesionaltasun-ziurtagiria jasoko dute.