Amorebieta-Etxanoko Udalak eskuratutako Amorebonoak erabiltzera animatu ditu herritarrak

2022/09/09
• Amorebonoek 2 hilabeteko epemuga dute; denbora hori igarotakoan, berriz ere erabilgarri izango dira. • Udalak adierazi duenez, zirkulazioan jarritako 32.000 bonuetatik, gaur egun %80 inguru trukatu da.

Amorebieta-Etxanoko Udalak ekainaren 1ean jarri zuen abian ‘Amorebono 2022’ kanpaina berria, Dendariak eta Iraunkor elkarteekin batera. Edizio berriak 32.000 bonu berri izan ditu, guztiak lehen asteetan agortuak. Herritarren erantzun onaren ondorioz, bonuak zirkulazioan egon dira, bai lehen sektoreko erosketetarako eta baita gainerako negozioetarako ere. Hala, bonoen erabilera oso lagungarri izan da Amorebieta-Etxanoko saltoki eta ostalaritza-establezimenduentzat, eta baita herritarren ekonomiarentzat ere.

Behin eskuratuta, Amorebonoek 2 hilabeteko balioa dute; horrela, denbora-tarte horretan trukatu ez diren guztiak pixkanaka zirkulazioan jartzen dira berriro. Azken hauek ere bi hilabeteko balio-epe bera izaten jarraitzen dute, urriaren 16tik aurrera eskuratutakoek izan ezik; horiek abenduaren 15era arte erabili ahal izango baitira, hau da, ‘Amorebono 2022’ kanpainaren azken egunera arte.

%80a, trukatuta
Datuei erreparatuz gero, Estibalitz Martiartu Ekonomi Sustapena eta Enpleguko zinegotziak azaldu du gaur egun herritarrek eskuratutako Amorebonoen %80 trukatu direla: «hau da, ekainetik irailera 25.000 bonu inguru trukatu dira, eta, beraz, oso pozik gaude aurten ere herritarrak izaten ari diren erantzun onarekin».

Hala, eta oraindik erabili ez diren Amorebonoen %20aren aurrean, zinegotzi zornotzarrak Amorebono bat erosi duten edo hemendik aurrera eskuratzen duten herritarrak animatu nahi ditu ondorenean trukaketa egitera: «Amorebonoen erabilerak herritarrentzako aurrezpena dakar, eta era berean bultzada handia Amorebieta-Etxanoko merkataritza eta ostalaritza sektorearentzat».