Amorebieta-Etxanoko Udalak desgaitasuna duten adin txikikoen tratamenduetarako eta programetarako laguntzak eskatzeko epea zabaldu du

2021/03/17
Amorebieta-Etxano udalerri bakarra da 6tik 18 urtera bitarteko adin txikiko hauentzat laguntza ekonomikoak ematen dituena. •Laguntza hauen helburua adin txikikoen bizi-kalitatea hobetzea eta hauek familia, eskola eta gizarte ingurunean txertatzen laguntzea da. • Laguntzak eskatzeko epemuga 2021eko urriaren 31n beteko da.

Amorebieta-Etxano, 2021eko martxoaren 17an, asteazkena.  Amorebieta-Etxanoko Udalak epea zabaldu du desgaitasuna duten udalerriko adin txikikoen tratamenduetarako eta programetarako diru-laguntzak eskatzeko. Laguntza hauen helburua adin txikikoen autonomia sustatzea eta hala nola familia, eskola eta gizarte esparruan txertatzen laguntzea da.

Laguntza ekonomikoa gizarte zerbitzuetako erakundeen eta entitateen eskutik haur-gazteen garapenerako jasotako tratamendu terapeutikoen gastuak estaltzera bideratuko da. Deialdiaren diru-laguntzetarako gehieneko zenbatekoa 35.000 eurokoa da.

Amorebieta-Etxanoko Udalak emandako laguntza hauek haurtzaro eta nerabezaro guztian zehar arreta bermatzea ahalbidetzen dute, izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren asistentziari, zeinen bitartez 0 eta 6 urte arteko arreta goiztiarra ordaintzen den, jarraipena ematen diote.

Horrela, Amorebieta-Etxanoko Udala 18 urte bete arte haur-gazteen desgaitasun fisiko, psiko-sozial, kognitibo eta/edo sentsorialaren  garapenean eraginak konpentsatzera edo arintzera bideratutako tratamenduetarako diru-laguntzak ematen jarraitzen duen bakarra da.

Eskariak aurkezteko epea martxoaren 16an zabaldu da eta 2021eko urriaren 31n amaituko da. Eskariak Udaletxeko Erregistro Nagusian aurkeztu beharko ditu pertsona onuradunak edo bere tutoreak, Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bidez.

Laguntzak eskuratu ahal izango dituzte eskaria egin aurretik Amorebieta-Etxanon azken hamabi hilabetetan erroldatuta dauden 6tik 18 urtera bitarteko adin txikikoek, betiere Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna badute.