Amorebieta-Etxanoko Udalak enplegua sortzeko diru-laguntzak eskaintzen ditu

2020/01/27
• Diru-laguntza ondokoak sustatzeko da: langabetuak kontratatzea, aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzea, lanaldia handitzea eta langabezian daudenen ekintzailetza. • Diru-laguntzak eskatzeko epea zabalik egongo da 2020ko abenduaren 9ra arte.

Amorebieta-Etxano, 2020ko urtarrilaren 27a. Amorebieta-Etxanok herrian enplegua sortzeko diru-laguntzak eskatzeko epea zabaldu du. Helburua langabetuak kontratatzea sustatzea da, aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzea, lanaldia handitzea gutxienez %50ean eta langabezian daudenen ekintzailetza bultzatzea.

Udalak tokiko ekonomiaren garapenarekin duen konpromisoaren emaitza dira diru-laguntza hauek, herriko enpresetan lanpostu berriak sortzea eta herritar guztien lan baldintzak hobetzea bilatuz. Kolektibo zaurgarrietara heldu nahi da, esaterako langabetuak edo aldi baterako kontratuak dituztenak.

Amorebieta-Etxanon egoitza duten enpresa edo entitateek, herriko langabetu bat kontratatzen badute, 4.000 eurora arteko diru-laguntza bat eskuratu dezakete. Diru-laguntza hori 5.000 eurokoa izan daiteke, kontratatzen denak diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen badu. Langile baten lanaldia %50ean handitzen dutenek, gehienez 4.000 eurora arteko diru-laguntza jaso dezakete. Laguntza hauek Gizarte Segurantzako gastuetarako izango dira.

Bestalde, sortzen diren negozio berriek 4.000 eurora arte eskuratu ditzakete. Diru hau Gizarte Segurantzako gastuetarako zein material teknikorako erabil daiteke.

Kontratatutako langileak zein ekintzaileak Amorebieta-Etxanon erroldatuta egon beharko dira, gutxienez bost urtez etenik gabe edo hamabost urtetan, etenekin.

Eskariak aurkezteko epea zabalik egongo da 2020ko abenduaren 9ra arte. Eskariak Amorebieta-Etxanoko Udaleko Erregistroan aurkeztu beharko dira.