Amorebieta-Etxanoko Udalak Enplegu Plan Integrala indartu du krisi soziosanitarioa gainditzeko helburuarekin

2021/09/27
• Enplegu Plan Integralak hiru ardatz nagusi ditu: enplegua sustatzea, lan-bitartekaritza egitea eta tokiko garapena bultzatzea. • Amorebieta-Etxanoko Udalak, urtean, 673.000 euro inguruko inbertsioa egingo du.

Amorebieta-Etxanoko Udalak Enplegu Plan Integrala garatu du. Planean, Udalak, hainbat neurri jaso ditu, prestakuntzaren eta/edo enpleguaren arloan egiten dituen jarduerak indartzeko eta osatzeko. Helburua da,  udalerriko egungo langabezia-maila hobetzea eta bizi dugun krisi soziosanitarioak zornotzarrik atzean ez uztea. Horretarako, Amorebieta-Etxanoko Udalak, urtero, 673.000 euro inbertituko ditu, 2022-2023ko aurrekontuetan aurreikusi dituenak.

 Amorebieta-Etxanoko Udalak aurreikusten du, oro har, herrian enplegua ongi ari dela berreskuratzen, eta datozen bi urtetako prebisioa hori izango dela: «hori erakusten dute azken datuek, batetik, langabezia-tasa pixkana murrizten ari delako, eta bestetik, udal enplegu-bulegoan kudeatutako enplegu-eskaintzen kopuruak etengabe gora egin duelako». Hala ere, Agirrebeitia alkateak gogoratu nahi du krisi soziosanitarioak hemen jarraitzen duela, eta ezer ez dela ziurra; hau da, etorkizuna baldintzatua egongo dela egungo ziurgabetasun-aldia konpontzeko moduarekin eta munduko
ekonomiaren egokitzearekin: «horregatik, Amorebieta-Etxanoko Udalak zuhur jokatuko du eta gure herritarren enplegagarritasuna hobetuko duten politikak lantzen jarraituko dugu».

 

2022-2023 Enplegu Plan Integrala

Amorebieta-Etxanoko egungo datuak aztertuta, Udalak Enplegu Plan Integrala garatu du 2022-2023rako, Enpleguaren Euskal Estrategiarekin (EEE 2030) bat eginda.

 Enplegua sustatzea ardatz hartuta, Udalak hiru neurri hauek garatu ditu:

  • Udalak zuzenean kontratatzea: kontratazio horiek Amorebieta-Etxanoko Tokiko Enplegu Planaren eta Amorebieta-Etxanoko Eskualdeko Enplegu Planaren mende egongo dira. Jarduketa horiek aldi baterako izango dira, eta gizarte-erabilerako lanetan eta lan puntualetan oinarrituko dira. Horretarako, iraupen luzeko langabezia-egoeran dauden udalerriko pertsonak kontratatuko dira, lehentasuna emanez, ahal den guztietan, gizarte-bazterketako arrisku-egoeran dauden herritarrei.
  • Enpresei diru-laguntzak ematea: Amorebieta-Etxanon lantokiak dituzten enpresei edo erakundeei diru-laguntzak emateko ildo bat lantzea da helburua, udalerriko pertsonen kontratazioa sustatzeko eta herritarren lan-baldintzak hobetzeko. Hiru izango lirateke laguntzak: langabeak kontratatzeko laguntzak; aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzeko enpresentzako laguntzak; eta lanaldia gutxienez % 50era luzatzeko laguntzak.
  • Ekintzailetza: Amorebieta-Etxanoko Udalak, Zornotza LHII LHIIrekin lankidetzan, udalerriko langabeen kultura ekintzailea eta enpresa-espiritua babestu eta sustatu nahi ditu. Enpresa-ekimenak abian jarri arte laguntzeko, bi jarduera-ildo egongo dira: batetik, laguntza eta jarraipena eskatzen duen pertsona orori lagunduko zaio; eta, bestetik, langabezian egonda, udalerrian negozio berri bat irekitzen duenari.

 

Bestalde, Amorebieta-Etxanoko Udalak, 2016ko maiatzetik diharduen moduan, lan-bitartekari lanak egiten jarraituko du: hau da, enplegu-eskatzaileak eta enplegu-eskaintzaileak hurbilduko ditu. Zerbitzu honen hartzaileak honako hauek dira: langabeak; enplegagarritasuna hobetu nahi duten pertsonak; eta enplegu-merkatu arruntean pertsonak kontratatzeko beharra duten enpresak eta/edo partikularrak.

 Azkenik, Enplegu Plan Integralaren barruan, Udalak toki-garapena landuko du, honako ekimen hauek garatuz: urtean zehar foro ezberdinak sustatuko dira eta sinergiak landuko dira udalerriaren ekonomia eta enplegagarritasuna hobetzeko; eta erakunde publiko eta pribatuekin lankidetza bilatuko da prestakuntza, enplegagarritasuna, gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko.