Amorebieta-Etxanoko Udalak emakume zornotzarren jabetzea eta ahalduntzea helburu duen Jabekuntza Programa aurkeztu du, 2021-2022 ikasturterako

2021/10/07
• Hamabost ikastaro, sexu aholkularitza eta erakusketak biltzen ditu edizio honetako programak. Izen-ematea zabalik dago gaurtik urriaren 21a bitartean. • Ikastaroetako bat, `Polito zahartu´, Nagusi Aretoan izango da; bertan izango dira, baita ere, 60 urtetik gorakoei zuzendutako beste hainbat ekimen. • Zainduz Programaren barruan, zaintzaileei zuzendutako `Erlaxazio´ tailerra ere izango da urritik azarora bitartean, Nagusi Aretoan.

Amorebieta-Etxanoko Udalak gaur goizean aurkeztu du Jabekuntza Programa, emakumeen ahalduntzea helburu duen ikastaro sorta. Ainhoa Salterain Gandariasek, Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotziak azaldu duen moduan, ikastaro hauen helburua da emakumeek hausnarketarako eta formaziorako bilgune bat izatea: «berdintasunaren bidean, emakumeen ahalduntzearen aldeko lanean dihardugu Udalean, egunero. Gure nahia da, Jabekuntza Programa erreferente bat izatea emakume zornotzarrentzat, eurak elkartzeko topagunea. Emakumeok gure eskubideen jabe izan behar dugu, eta horretarako, ezinbestekoa da gure bizitzetan autonomia eta konfiantza izatea. Jabekuntza Programaren baitan antolatutako ikastaroekin lortu nahi dugu emakumeek jabetze edo ahalduntze prozesu bat egiteko aukera izatea. Ikastaro hauen baitan, aukera ezberdinak izango dituzte norbere beharretara egokitutako ahalduntze hori lortzeko».

 Ainhoa Salterainek aurkeztu moduan, Jabekuntza Programaren barruan, adin eta behar ezberdinak dituzten emakumeei zuzendutako 14 ikastaro daude, sexu aholkularitza zerbitzuaz, erakusketez eta adingabeen gurasoei edo tutoreei zuzendutako hezkidetza-espazioaz gain. Ikastaro guztiak aurrez aurrekoak izango dira, nahiz eta momenturen batean Covid 19ak hala behartuz gero, online egiteko aukera egongo litzatekeen.

Ikastaroak:   

  • Lidergoa, generoa eta inteligentzia emozionala
  • Emakumeon zikloak
  • Maitasun loturak
  • Polito Zahartu
  • Bigarren Udaberria, gorputza eta autonomia klimateriorako
  • Ekonomia feminista
  • Autodefentsa feminista
  • Elikadura kontzientea
  • Zoru pelbikoa indartzea
  • Biodantza
  • Islarik gabe ispiluak
  • Enplegu aktiboa bilatu
  • Emakume migratuak

 Izen ematea eta zerbitzu bereziak

Ikastaroetan interesa duten emakumeek izena eman dezakete gaurtik urriaren 21a bitartean. Horretarako, hainbat bide dituzte: Udaleko web orrian, Berdintasun Sailean dagoen online inprimakia beteta (Hemen klik); aurrez aurre, Nafarroa eraikinean; 94 630 01 90 telefonora deitu eta 207 luzapena markatuta; edo emailez, berdintasuna@amorebieta.eus helbidera idatzita. Salterainek agerraldian gogoratu moduan, emakume bakoitzak gehienez hiru tailerretan eman ahal izango du izena. Tailerrak doakoak dira eta plazak zozketa bidez esleituko dira; hala ere, Amorebieta-Etxanoko emakumeek lehentasuna izango dute. Plaza duten emakumeei urriaren 27tik aurrera abisatuko zaie korreo elektroniko bidez.

Ikastaroei dagokienean, Salterainek azaldu du, zeinu hizkuntzaren interpretea izango dela ikastaroetan, izena ematerakoan eskatuz gero. Era berean, Amorebieta-Etxanon erroldatutako emakumeek haurtzaindegi zerbitzua izango dute, aldez aurretik eskatuz gero.

Jabekuntza programa ikusi

 `Polito zahartu´ ikastaroa eta programazio anitza, Nagusi Aretoan

Agerraldia inauguratu berri den Nagusi Aretoan egin izana ez dela kasualitatea azaldu du Ainhoa Salterainek gaurkoan: «izan ere, Jabekuntza Programan jaso dugun `Polito zahartu´ ikastaroa hemen emango da, Nagusi Aretoan. Orain zazpi urte martxan jarri zen espazio honek helburu du 65 urtetik gorako pertsonen eta jubilatuen elkargunea izatea. Bertan adineko pertsonei zuzendutako jarduera ezberdinak sustatzen dira, batez ere, aisialdiari lotutakoak; beti ere, profesional batek lagunduta». Salterainek azaldu moduan, Nagusi Aretoan informazio eta orientazioa ere ematen zaie, hala nola: imsersoaren tramitazioarekin, termalismoarekin eta Nagusi Txartelarekin lotutakoa, edota osasun, kultura eta teknologia ikastaroen eta ekimenen ingurukoa. Era berean, udalerriko beste elkarteek edo erakundeek pertsona nagusientzat antolatutako ekimenen berri ere izaten dute bertan.

Udako atsedenaldia eta gero, eta pandemiaren osteko aurrez aurreko ekimenak berreskuratua, Nagusi Aretoari bultzada bat eman nahi zaiola azaldu du Salterainek: «60 urtetik gorakoek espazio hau bere sentitzea da helburua, elkargunerako leku bat izatea da, beraien intereseko ekintzak, ikastaroak, jardunaldiak… antolatuko dituena».

Hori horrela, eta hiru arlotan banatuta, ikasturte berrirako programazioaren berri eman du Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotziak. Teknologia berrien arloan, lau ikastaro izango dira: `Adimen aktiboa´, `Telefono mugikorraren erabilera´ eta `Informatika´rekin lotutako bi. Osasunarekin ildotik berriz, paseo osasuntsuak emateko hiru talde izango dira, hitzaldiez eta `Polito zahartu´ ikastaroaz gain. Eta kultur arloan, hiru bisita antolatu dira abendura bitartean, eta euskara ikasteko aukera ere izango da. Hauez gain, 60 urtetik gorakoen behar eta nahiak zeintzuk diren jakin nahi du Amorebieta-Etxanoko Udalak, eta horregatik, galdeketa bat proposatu die adin tarte horretako zornotzarrei.

 `Erlaxazio´ tailerra, zaintzaileentzako

Nagusi Aretoa izango da baita ere, Zainduz programaren datorren ikastaroa hartuko duen espazioa. Ainhoa Salterainek, Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotziak, agerraldian azaldu moduan, Zainduz programaren helburua da zaintzaileak zaintzea: «askotan ahaztu egiten gara zaintzaileekin. Neke fisikoa eta emozionala, lo falta, sozializazio eza eta beste hainbat sintoma izaten dituzte zaintzaileek. Programa honen bitartez, gure nahia da mendeko egoeran dauden pertsonen zaintzaileei laguntzea, zuen denbora eta energia lan gogor honetara bideratzen duzuelako, ezkutua eta gutxitan aintzat hartzen den lana». Hori horrela, urrian, Zainduz Programaren eskutik antolatutako `Erlaxazio´ tailerraren berri eman du Salterainek: «bost saio izango dira, debalde, eta helburua da erlaxazioa praktikatzen ikastea, sortzen diren eta metatzen diren tentsioez jabetzeko, eta antsietatea eta estresa sortzen duten egoerei aurre egiten ikasteko. Horretarako, erlaxazio ariketak eta arnasketa teknikak irakatsiko dituzte tailerrean». Informazio gehiagorako edo izena emateko, urriaren 15a arte dago epea zabalik, 94 630 01 90 telefonoan.