Amorebieta-Etxanoko Udalak emakume nekazari, abeltzain eta artisauei buruzko bideoa eta erakusketa aurkeztu ditu

2021/03/11
Aurten ezin izan da Emakume Nekazari eta Artisauen Azokan antolatu, baina Amorebieta-Etxanoko Berdintasun Sailak lanbide horietan aritzen diren emakumeei buruzko bideo bat egin du eta "Emakume baserritarrak" erakusketa antolatu du, martxoaren 5etik 18ra bitartean.

Amorebieta-Etxano. 2021eko martxoaren 11an, osteguna. Amorebieta-Etxanoko Udaleko Berdintasun Sailak hainbat jarduera antolatu ditu martxoan zehar, martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, ospatzeko. COVID-19 pandemiaren aurrean herritarren osasuna eta segurtasuna bermatzeko behar diren osasun-neurriak direla eta, beharrezkoa da ahal den neurrian pertsonen kontzentrazioak saihestea. Hori dela eta, aurten, Amorebieta-Etxanoko Udalak aurrez aurrekoak ez diren ekintzen alde egin du, emakumeak gure gizartean duen rol garrantzitsua berresteko eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko eskaerak sustatzeko.

Emakume nekazari, abeltzain eta artisauei buruzko bideoa

Gaur goizean, Amorebieta-Etxanoko Udaleko Berdintasun Sailak "Lehen sektoreko emakume langileen azoka 2021" bideoa aurkeztu du, udalerriko landa-eremuko emakumeen gizarte-ekarpena nabarmentzeko helburuarekin.

Ikus-entzunezko lanak Zornotzako hiru bizilagun ditu ardatz: Saioa Mantzizidor, Camelia Spiridon eta Itsaso Uzcanga. Protagonisten adierazpen eta esperientzia islatuen bidez, artisau- eta nekazaritza-emakumeen lana ikusarazi nahi du bideoak, eta, horrez gain, haien eginkizunaren garrantzia aldarrikatu.

Bideo honek Amorebieta-Etxanon martxoaren 8ko ospakizunaren baitan urtero ospatzen den Emakume Nekazari eta Artisauen Azoka ordezkatzen du eta esteka honetan ikus daiteke.

Emakume baserritarrak” erakusketa

Horrez gain, Gaittun Elkarteak antolatutako "Emakume baserritarrak" erakusketa ere aurkeztu da. Erakusketa honen helburua nekazaritzaren eta itsasaldearen mundua emakumeen ikuspuntutik hurbiltzea da. Erakusketa martxoaren 5etik 18ra egongo da zabalik Udaletxeko Plazan.

Aurkezpenera Gaittun Elkarteko buru den Iratxe Martinez Mazaga eta Gema Arrugaeta, naturan eta landa-ingurunean aditua den eta Gaittunen parte ere den argazkilaria joan dira.

Erakusketaren helburua emakumeak historian izan duen benetako garrantzia aldarrikatzea da, mendeetan izan ez duen ikuspena emanez, Euskadiko landa-ingurunean eta itsasertzean bizi eta lan egiten duten emakumeengan arreta jarriz.