Amorebieta-Etxanoko Udalak diru-laguntzak emango ditu eskola materiala erosteko

2021/09/08
• Helburua da, eskola-adineko seme-alabak dituzten udalerriko familiei laguntza ekonomikoa ematea. • Diru-laguntzerako partida 30.000 eurokoa da.

Amorebieta-Etxanoko Udalak ikasturte berrirako eskola-materiala erosteko diru-laguntzak emango ditu. Diru-laguntzak seme-alabak eskola-adinean dituzten udalerriko familiei daude zuzenduta.

 

Eskola materialean aukera handia

Diru-laguntzak ematerako orduan, artikulu hauen gastuak izango dira kontuan: material idatzia eta suntsikorra, hala nola, idazteko tresnak, koadernoak, folioak, informatikako kontsumigarriak, WIFI konexiorako pintxoak…; material suntsiezina, hau da, sailkatzaileak, estutxeak, kalkulagailuak, motxilak, testuliburuak…; eskola-jarduerarako janzteko artikuluak, hala nola, uniformea, mantalak, betaurrekoak edo lentilla zuzentzaileak, arropa eta gorputz-hezkuntzarako oinetakoak; eta eskulanetarako erabilitako elementuak.

Aurrekontua 30.000 eurokoa da. Diru-laguntzatik kanpo geratuko dira urtean 35.000 eurotik gorako errenta duten familiak. Lau kide baino gehiagoko familia-unitateen kasuan, urteko errenta ezingo da 40.000 euro baino gehiagokoa izan.

 

Eskaera egiteko epea zabalik

Diruz lagundu daitezkeen artikuluak Amorebieta-Etxanoko saltokietan erositakoak izan beharko dira. Diru-laguntzaren eskabidea eta eskatutako dokumentazioa Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ), Amorebieta-Etxanoko Udaletxeko Egoitza elektronikoaren bitartez edo Administrazio Prozedura Erkidearen 39/15 Legearen 16. art.ak ezarritako moduan eta epeak betez aurkeztu beharko dira.

Aurkezteko epea zabalik dago eta 2021eko urriaren 15en amaituko da.