Amorebieta-Etxanoko Udalak Bizum eta MiPago Wallet sistemak jarriko ditu herritarren eskura ordainketak egiteko

2022/06/15
• Datorren uztailaren 1etik aurrera Udal zerga eta tasen ordainketak modu seguruan egin ahal izango dira bi sistema hauen bitartez. • Sistema hauekin herritarrei erraztasunak ematea du helburu Udalak.

Amorebieta-Etxanoko Udalak Bizum eta MiPago Wallet ordainketa-sistema berriak jarriko ditu martxan, herritarrei kudeaketak errazteko. Ezarpen berri horretan bi fase egongo dira. Lehenengoan, datorren uztailaren 1ean hasiko dena, udal zerga eta tasen zenbatekoak Bizum edo MiPago Wallet bidez ordaintzeko aukera eskainiko  da. Hurrengo urtetik aurrera berriz, bigarren fasea jarriko da martxan, eta ordaintzeko sistema berri hau erabili ahal izango da, baita ere, prezio publikoak ordaintzeko orduan: kulturarekin edo kirolarekin lotutako ekimenak eta Udaltzaingoaren isunak ordaintzerakoan, alegia.

Honela, datorren hilabetetik aurrera zornotzarrek modu seguru, erraz eta azkarrean ordaindu ahal izango dituzte Udalak jakinarazitako ordainagiriak eta likidazioak. Ekimen honen bitartez Udalak bat egin du Eusko Jaurlaritzak sortutako ordainketa-sistema berriekin eta zergak eta tasak helbideratu gabe ordaintzea erraztuko du. Halaber, modalitate berri horiek balio izango dute Lakuako Ordainketa-Pasabidean alta emanda dagoen eta sistema horiek aktibo dituen edozein euskal administrazioren noizbehinkako ordainketak eta ohiko kopuruak ordaintzeko.

Nola erabili Bizum eta MiPago Wallet?
Kasu honetan erabiltzen den Bizuma Eusko Jaurlaritzaren Ordainketa-Pasabidearen bidez online ordainketak egiteko bideratu dena da. Horretarako, erabiltzaileak bere banketxeko Bizum zerbitzua aktibatu behar du. Ondoren, ordaindu beharreko ordainagiriaren edo likidazioaren datuak sartu beharko ditu pasabidean, finantza-erakunde laguntzaileen artetik Bizum hautatu eta erabiltzailearen telefono-zenbakia sartu.  Segidan, ordainketa egiteko adierazitako urratsak jarraitu beharko dira. 

MiPago Wallet app-a, bestalde, telefono mugikorrean deskarga daitekeen diru-zorro digitala da, eta herritarrek pasabideari atxikitako euskal administrazioen ordainketak modu erraz, iraunkor eta seguruan egiteko aukera dute. Eta, garrantzitsuena, banku-txartelaren datuak eman beharrik gabe egin daiteke guztia. Izan ere, nahikoa da ordainketa onartzea.