Amorebieta-Etxanoko Udalak berriro ekingo dio Ixerren egiten den domeketako azokari

2020/04/23
• Ordutegia ohikoa izango da, 08:30-11:30, eta pertsona guztien segurtasuna bermatzeko neurri zorrotzak ezarriko dira. • Gutxieneko distantzia sei metrokoa izango da pasatzeko gunean, lau metrokoa postuen artean eta bi metrokoa pertsonen artean. Gainera, eskularruak eta desinfektatzeko gela erabili beharko dira.

Amorebieta-Etxano, 2020ko apirilaren 23a. Amorebieta-Etxanoko Udalak igande honetan, apirilak 26, berriro zabalduko du Ixergo baserritarren azoka. Sei postu egongo dira guztira eta inguruko nekazari eta abeltzainen produktuak erosi ahalko dira.

Ordutegia ohikoa izango da, 08:00-11:30, eta saltzaileen zein erosketak egitera doazen zornotzarren segurtasuna bermatzeko neurri zorrotzak bete beharko dira.

Horregatik, postuen artean gutxieneko tarte bat egon beharko da, sei metrokoa kontsumitzaileak igarotzen diren lekuan, eta lau metrokoa aldamenetan. Pertsona guztiek, bai erabiltzaileek eta baita saltzaileek ere, bi metroko tartea izan beharko dute beraien artean, eta erabili eta botatzeko eskularruak eta desinfektatzeko gela erabili beharko dituzte (bertan egongo dira).

Postu bakoitzean, saltzaileen arteko gutxieneko distantzia bi metrokoa izango da. Pertsona bakarra egon beharko da barruan, postuaren ezaugarriengatik neurri hau bete ezin bada.

Agintariek segurtasun neurri hauek betearaziko dituzte, eta azokara sartzea ere kontrolatuko dute, jende pilaketarik egon ez dadin.