Amorebieta-Etxanoko Udalak bere lehenengo Osoko Bilkura telematikoa egin du

2020/04/30
• Saioa minutu bateko isilunearekin hasi da, alarma egoera ezarri zenetik hildako guztiak gogoratzeko. • Gizarte larrialdietarako laguntza gehiago emango dira, hasierako 220.000 eurotik 325.000 eurora pasatuz. • Udalak Azterlan Fundazioarekin elkarlanean arituko dela iragarri du, herrian enpresa berrikuntza sustatzeko. • Soraluzen gertatutako emakume baten hilketa gaitzesteko eta Amorebieta-Etxanoko emakume batek izandako eraso matxista salatzeko erakunde adierazpenak irakurri dira, biak alarma egoera ezarri ondoren gertatutakoak.

Amorebieta-Etxano, 2020ko apirilaren 30a. Amorebieta-Etxanoko Udalak gaur bere lehenego Osoko Bilkura telematikoa egin du, egungo osasun krisialdiak ekarritako beharrizan berrietara egokituz.


Amorebieta-Etxanoko Udalak bilerak egiteko aukera hau erabili izan du azken asteetan informazio batzordeak egiteko. Hain zuzen ere, 10 informazio batzorde telematiko egin dira.  Orain, Osoko Bilkurarako ere aukera hau erabili da.

Saioa minutu bateko isilunearekin hasi da, alarma egoera ezarri zenetik hildako guztiak gogoratzeko. Udalak COVID-19aren ondorioz hildakoak zein beste arrazoi batzuengatik hildakoak gogoratu ditu, etxekoek ez baitute aukerarik izan agur esateko, normaltasun egoera batean agur esango lioketen bezala agur esateko, eta guztia koronabitusari aurre egiteko ezarritako murrizketengatik.

Hain zuzen ere, egungo osasun eta ekonomia krisialdiari aurre egiteko, alkateak jakinarazi du gizarte larrialdietarako diru kopurua handitu egingo dela, hasiera batean aurreikusita zeuden 220.000 eurotik 325.000 eurora pasatuz.

Gainera, Amorebieta-Etxanoko Udalaren eta Azterlan Fundazioaren arteko elkarlana iragarri da, herrian berrikuntza gune bat bultzatzeko.  Helburua herriko enpresei laguntzea da, beraien hazkundea eta lehiakortasuna areagotzeko jarduera berritzaileak garatu ditzaten.

Udalak bi erakunde adierazpen ere irakurri ditu, udalbatza osoak alarma egoeran gertatutako indarkeria matxista kasu bi irmoki gaitzesteko, hain zuzen ere Soraluzen gertatutako emakume baten hilketa eta Amorebieta-Etxanoko herritar batek jasandako eraso matxista.

Bestalde, 2019ko aurrekontu likidazioaren berri eman da dagozkion txostenekin, eta baita COVID 19ak eragindako osasun krisialdiarekin lotutako alkatearen hainbat dekreturen berri ere.