Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egin du Migraziorako Euskal Itun Sozialarekin

2021/11/26
Hiru dira itunaren helburuak: migratzaileen premien aurrean erantzun solidarioa eta arduratsua indartzea; aitzakia xenofoboa duen edozein asmo populista gaindituko duen batasun soziala eta politikoa eratzea; eta migrazio-erronkari aurre egitea gure gizartearentzako hazkunde eta aurrerapen gisa ulertuz.

Amorebieta-Etxanoko Udalak Migraziorako Euskal Itunarekin bat egitea onartu du gaur Udaletxean izandako Osoko Bilkuran. Migrazioa ez da fenomenoa puntuala, mundu osoan gertatzen den errealitatea baizik; beraz, dimentsio honetara egokitutako arauak eta etika lantzea ezinbestekoa da. Egoera horren aurrean, garrantzitsua da migrazioa herrialde baten aurrerapen mailarekin lotzea, agerian geratu baita herrialde oparoenak jakin egin dutela kultura-aniztasuna integratzen eta modu positiboan aprobetxatzen.

 Itunean jasotzen den bezala, Euskadik, orain arte, modu bateratuan eta solidarioan erantzun du migrazio-erronkaren aurrean, adierazpen guztietan; hala ere, ez dago populismo xenofoboaren mehatxutik aske. Migraziorako Euskal Itun Soziala oztopoen eta aukeren testuinguru horretan kokatzen da. Bere helburuek proiekzio etiko, prebentibo eta proaktiboa dute. Etikaren ikuspegitik, helburua da migratzaileen premien aurrean erantzun solidarioa eta arduratsua indartzen laguntzea. Prebentziorako ikuspegiaren helburua da zeharkako batasun sozial eta politiko bat eratzea, aitzakia xenofoboko edozein asmo populista gaindituko duena. Eta, azkenik, itunaren helburu pragmatikoa da migrazio-erronkari aurre egitea, gure gizartearentzako hazkunde eta aurrerapen prozesu gisa ulertuta.

Amorebieta-Etxanoko Udalak, Migraziorako Euskal Itun Sozialarekin bat eginda, hiru premisa berresten ditu abiapuntu gisa: pluralismoa premisa politiko gisa; elkartasuna premisa etiko gisa eta premisa pragmatikoa. Halaber, dituen gaitasunen arabera, zeharkako aukera hauek bere egiten ditu:

  1. Bizikidetza: Harrera, integrazioa, elkartasuna, aniztasuna eta bizikidetza defendatzea, eta beste arraza edo jatorri batzuetako pertsonen aurkako diskurtsoak baztertzea.
  2. Giza Eskubideak: Tratu eta aukera berdintasunaren printzipioan oinarrituta, oinarrizko eskubideak sustatzea.
  3. Zeharkakotasuna: Politika sektorialetan migrazioak dakarren kultura-aniztasunaren ikuspegia txertatzea.
  4. Kohesioa: Hezkuntzaren, osasunaren edo oinarrizko gizarte-prestazioen unibertsaltasuna babestea, eta enplegurako eta etxebizitzarako prestakuntza eta gizarteratzea eta laneratzea erraztea.
  5. Hezkuntza: Hezkuntza-espazio inklusiboak sustatzea, integraziorako eta bizikidetzarako balio dutenak.
  6. Tokiko esparrua: Tokiko eremua eguneroko integrazio eraginkorrerako agertoki estrategikoa izango da.
  7. Berdintasuna: Genero-berdintasunarekiko konpromisoa, bizikidetza eraikitzeko oinarrizko eta funtsezko printzipio gisa, eta kultura eta erlijio arteko bokazioa, hedapen unibertsalekoa.
  8. Hizkuntzak: Etorri direnen hizkuntzak ikasteko eskubidearen alde egitea, horretarako behar diren bitartekoak emanez.
  9. Lankidetza: Maila instituzional eta sozial desberdinen arteko lankidetza sustatzea.

. Aurrekoarekin batera, Migraziorako Euskal Itun Sozialari atxikiz, Udalak bere egiten ditu honako konpromiso hauek:

  1. Erantzunkidetasuna: Beste eragile batzuekin lankidetzan aritzea, EB osoan erantzunkidetasunaren kontzeptua bultzatzeko, Estatuko eta Europako erakundeekiko leialtasunari eta lankidetzari dagokienez.
  2. Irmotasuna: Mezu xenofoboak erabiliz abantaila politikoa edo elektorala lortzeko edozein helbururen aurrean batasun soziala eta politikoa mantentzea.
  3. Immigrazio erregularizatua: Immigrazio erregularizatua eta jatorrizko herrialdeen errealitatea kontuan hartzen duena ahalbidetzeko bideak sustatzea.
  4. Asilo eskatzailea eta errefuxiatuak: Nazioarteko babesa eskatzen dutenen eta errefuxiatuen harrera eta integrazioa hobetzeko jarduerak garatzea.
  5. Zaurgarritasun egoeran dauden migratzaileak: Kalte-egoeran dauden migratzaileei erantzun humanitario egokia emateko baliabideak eskaintzea, arreta berezia jarriz emakumeei, adingabeei eta giza eskubideen urraketen biktimei.
  6. Erregularizatu gabeko egoeran dauden migratzaileak: Migratzaileen etorrerari erantzun solidarioa eta humanitarioa emateko beharrezkoak diren baliabideak antolatzea, igarobidean edo dokumentazio erregularizaturik gabe.
  7. Bidaiderik Gabeko Adingabe Atzerritarrak (BGAA) eta Bidaiderik Gabeko Gazte Atzerritarrak (BGGA): Erantzun partekatua, bidezkoa eta egokia ematea legezko betebeharrei, adingabearen interes gorenaren printzipioa betetzeari eta gizarteratzeko eta laneratzeko proiektu bati.
  8. Esku-hartze humanitarioa: Gure erakunde-gaitasunen neurrian, dei humanitarioei erantzutea.
  9. Prebentziozko esku-hartzea: Migratzaileen jatorrizko herrialdeetan pobrezia-, injustizia  eta desberdintasun kausak eraldatzera eta haien tokiko giza kapitala eta indarguneak sustatzera bideratutako lankidetza-proiektuak babestea edo garatzea.
  10. Bizikidetasun kultura: Elkartasunean, erantzunkidetasunean eta aniztasunaren, giza eskubideen eta berdintasunaren defentsan oinarritzea, bai eta arrazakeria edo diskriminazio mota oro baztertzea ere.