Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egin du `Betikoa, gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz´ kanpainarekin

2021/12/13
Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako kanpainaren helburua da, eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko planari erantzuna ematea, eta merkataritza sektorean kontsumitzaileak zein saltzaileak lehen hitza euskaraz egitera animatzea.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak merkataritzan euskara sustatzeko kanpaina jarri du martxan: `Betikoa, gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz´. Kanpainaren bigarren edizio hau ere Udal guztietara ireki da eta Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egin du, Euskal Autonimia Erkidegoko beste 59 udalerrirekin batera.

Udalen elkarlanak garrantzia berezia dauka aurtengo edizioan, modu bateratuan egingo baita kanpainaren zabalkundea (EUDEL, UEMA, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak, bat egin duten Udalak, koadrilak eta Udal Elkarteak). Izan ere, azken bi urteetan egindako koordinazio lana modu oso positiboan baloratu da. Kanpaina urtarrilaren erdialdera arte egongo da martxan, merkealdiei keinu eginez.

Euskara, egunerokoa eta konfiantzazkoa
Kanpainaren aurkezpenean, Bingen Zupiriak, Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak azaldu zuen moduan, garrantzitsua da merkataritza eta kontsumo eremuetan zerbitzu hizkuntza euskara izatea: «eskakizun horri erantzunez egin da kanpaina hau. Herritarrak, hau da, kontsumitzaileak aktibatu nahi ditu euskara erosketa unean erabiltzera. Eta alderantziz, jarduera ekonomikoa herrian dutenak gonbidatu nahi ditu herritarrarekin euskaraz egitera. Kanpainak gure hizkuntza, euskara, eguneroko erosketekin, hurbiltasunarekin eta herriko harremanekin lotzen du. Gertukoa eta bertakoa lotzen du euskararekin».

Kanpainaren lelo orokorra bat dator salerosketan ematen den harremanarekin. Hau da, `Jarri betikoa´ da denda edo taberna batean konfiantza handiena ematen duen esaldia. Euskara beraz, egunerokotasunean erabiltzeko hizkuntza gisa eta konfiantza sortzeko bide gisa erabiltzea proposatzen du kanpainak.