Udalak bat egin du Aldundiak bultzatutako Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Lurralde Sarearekin

2021/10/29
Lurralde Sarearen helburua da, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren arloan hausnartzeko, ikasteko, hitz egiteko eta koordinatzeko espazio komun bat eskaintzea

Amorebieta-Etxanoko Udalak gaur onartu du, Osoko Bilkuran, Bizkaiko Foru Aldundiak sortutako eta bultzatutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lurralde Sareari atxikitzea. Atxikimendu honekin, Udalak, Aldundiarekin batera, emakumeen eta gizonen benetako berdintasunaren alde lan egiteko konpromisoa eta helburua berretsi ditu. Era berean, berdintasun hori lortzeko beharrezkoak diren baldintzak bermatuko dituen neurriak arautzeko  konpromisoa berretsi du.

Foru Aldundiaren eta Udalaren arteko lan koordinatua eta bateratua funtsezkoa da berdintasun-politikak eraginkortasunez bultzatzeko. Helburua da, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan hausnartzeko, ikasteko, hitz egiteko eta koordinatzeko espazio komun bat erraztea, tokiko berdintasun-politikak indartzeko, eta Udaleko Berdintasun Saila sendotzeko.

Ainhoa Salterain Gandariasek, Berdintasun eta Gizarte Ekintzako zinegotziak, azaldu duenez, atxikimendu honek erakundeen konpromisoa erakusten du, bai Bizkaiko Foru Aldundiarena, eta baita Amorebieta-Etxanoko Udalarena. Helburua da, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan batera egitea aurrera: «korporazio gisa, gure konpromisoa irmoa da berdintasunaren arloan. Lurralde Sareari esker, orain elkarrekin lan egingo dugu, gure ezagutza trukatuz eta genero-ikuspegiko neurriak adostuz. Atxikimendu honek hausnarketarako eta azterketa bateraturako gune bat erraztuko digu, etorkizuneko neurriak ahalik eta eraginkorrenak eta definituenak izan daitezen. Gainera, berdintasunerako teknikarien artean lan-gune interesgarri bat sortuko da, aldian-aldian elkarrekin lan egiteko saioak eta bilerak erraztuko dituena».

 Lurralde Sarearen eginkizunak

Hauek dira Bizkaiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lurralde Sarearen bederatzi funtzioak:

a)    Legegintzaldi bakoitzean Sarearen ardatz estrategikoak prestatzea, onartzea, garatzea eta ebaluatzea.

b)    Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko esperientziak eta ekimenak elkar trukatzeko eta bateratzeko espazioa sortzea, Bizkaiko Lurralde Historikoko udal-errealitate anitza kontuan hartuta eta bereziki udalerri txikietan eraginda.

c)     Udalaren administrazio-jarduera egokitzeko neurriak proposatzea, berdintasunaren ikuspegia ikuspegi intersekzionaletik integratzeko, eta udal-politika guztietan genero-ikuspegia txertatzeko neurriak proposatzea.

d)    Udalerrietan emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan esku hartzeko beharrak eta lehentasunak identifikatzea, bereziki udalerri txikien beharrei erantzunez, eta, ondorioz, horiei erantzun diezaieketen programak edota zerbitzuak proposatzea.

e)    Jardunbide egokiei buruzko hausnarketa, detekzioa eta azterketa egiteko gune bat sustatzea, ahalbidetuko duena tokiko berdintasun-politiken garapenean modu eraginkorrean aurrera egitea eta proiektu pilotu esperimentalak definitzea eta garatzea.

 f)      Bizkaiko udalerrietan, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eta indarkeria matxistaren arloan, informazioa sistematikoki biltzeko jarraibide eta adierazle partekatuak diseinatzea eta adostea, Bizkaiko Indarkeria Matxistaren Behatokiarekin lankidetzan.

g)    Berdintasunaren arloko ekintzak tokian-tokian egiteko orduan, jarduteko irizpideen koordinazioa eta bateratzea bultzatzea, besteak beste, programak, materialak edota gidak elkarrekin trukatuz eta landuz.

h)    Berdintasun-politikei eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko prestakuntza eta mintegi tematikoak antolatzea eta eskaintzea Udaleko teknikariei eta politikariei.

i)      Berdintasunaren eta indarkeria matxistaren borrokaren arloan sentsibilizazio-kanpainen eta beste jarduera publiko batzuen proposamenak egitea eta garatzea Bizkaiko Lurralde Historiko osorako; eta jarraibideen proposamenak ere egitea.

 Era berean, atxikimendu honekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak konpromisoa hartu du ordezkari politiko bat eta ordezko bat izendatzeko, edo ordezkari tekniko bat eta ordezko bat izendatzeko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Zuzendaritzarekiko solaskide gisa, Lurralde Sarearen esparruan. Gainera, Lurralde Sareko batzarretan eta lan politiko-teknikoko guneetan parte hartzeko konpromisoa hartu du. Eta, azkenik, 127/2020 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera Sarea arautzeko konpromisoa ere hartu du.