Amorebieta-Etxanoko Udalak balorazio positiboa egin du Mugikortasun Iraunkorraren Astearen inguruan, herritarren parte-hartzea azpimarratuz

2021/09/29
• Udalak hainbat ekimen antolatu zituen Zelaieta parkean eta Gudari kalean, eta adin guztietako zornotzarrek hartu zuten parte. • Udalak `Amorebieta-Etxano Bizikletaz 2022´ plana ere aurkeztu zuen.

Amorebieta-Etxanoko Udalak balorazio positiboa egin du aurten ere, Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen harira antolatutako ekitaldien inguruan. Ekimen honen helburua da, herritarrak kontzientziatzea eta sentsibilizatzea garraio publikoaren edo garraio jasangarrien erabileraren inguruan, hala nola, bizikletaren edo gurpil-oholaren erabileraren aurrean. Hori horrela, Udalak irailaren 22an Zelaieta parkean eta Gudari kalean antolatu zituen ekitaldien helburua izan zen mugikortasun iraunkorraren aldeko  alternatibak erakustea eta sustatzea. Hala, antolatutako ekimenen artean zeuden oztopoak zituen ginkana bat, bide-hezkuntzako zirkuitu bat, partybike bat eta tailer bat. Udalak zornotzarrek duten jarrera goraipatu nahi du, halako ekitaldietan modu aktiboan parte hartzen dutelako: «hasiera batean, antolatutako ekimenek haurrentzako jolasak diruditen arren, helduak ere animatu ziren parte hartzera».

 

Herri iraunkorrago baten aldeko pausuak

Mugikortasun Iraunkorraren Astean antolatutako ekitaldien artean, Amorebieta-Etxanoko Udalak 'Amorebieta-Etxano Bizikletaz 2022' Ziklo Plana ere aurkeztu zuen. Planean hainbat jarduera jasotzen dira, udalerria bizikletaren erabilerara egokitzeko, eta errepidean lehentasuna emateko. Anartz Gandiaga Hirigintza zinegotziak aurkezpenean gogorarazi zuenez, Udalak urteak daramatza plan horretan lanean, eta mugikortasun iraunkorragoa duen udalerri baten aldeko apustua egiten: «Amorebieta-Etxano hiri-ingurune osasungarriagoa eta kutsadura gutxiagokoa izatea nahi dugu. Horretarako, bizikletaren erabilera sustatu nahi dugu udalerri barruko eguneroko lekualdaketetarako».