Amorebieta-Etxanoko Udalak azaroaren 25aren inguruko jarduerak aurkeztu ditu eta herritarrak parte hartzera gonbidatu ditu

2022/11/15
• Ekitaldi nagusia, kontzentrazioa eta Adierazpen Instituzionalaren irakurketa, azaroaren 25ean izango da, emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko; eguerdiko 12:00etan izango da, udaletxeko plazan.

Amorebieta-Etxanoko Udalak hainbat jarduera antolatu ditu datorren azaroaren 25aren inguruan, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira. Aurten ere, Udalak gaitzespen irmoa adierazi du eta indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria dela gogorarazi du. Horrela, Andoni Agirrebeitia alkateak agerian utzi du Amorebieta-Etxanoko Udalak indarkeria matxistaren aurka duen konpromiso politikoa: “azpimarratu nahi dut honek lehentasuna duela Udalarentzat. Egun honek salaketarako eta gaitzespenerako balio behar du, baina baita beren egunerokoan hainbat emakumek bizi duten egoera ikusarazteko ere. Nabarmendu nahi dut indarkeria matxista ez dela ekintza isolatu bat, gure gizartearen parte dela, baita Amorebieta-Etxanokoa ere”.

Ainhoa Salterainek, Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, ezinbestekoa da indarkeria matxistaren biktima diren emakumeek beharrezko babesa eta baliabideak izatea: “Amorebieta-Etxanoko Udalak bere jarduera-protokoloa du, biktimak entzun eta beharrezkoa duten guztia eskaintzen zaie, beren bizitzari berriro ekiteko behar duten guztia izan dezaten, errekuperazio, askapen, ahalduntze eta autonomia prozesuan aurrera egin ahal izan dezaten”.

Programazio anitza
Era berean, Salterainek adierazi du Amorebieta-Etxanoko Udalak ere hainbat ikastaro, ekimen edo kanpaina antolatzen dituela urte osoan zehar: “indarkeria matxista ikusarazi nahi dugu, emakumeak ahaldundu, feminismotik gizartea hezi eta sektoreen arteko ekintza-batasunetik lan egin. Bideak bateratua izan behar du, aurrera egin ahal izateko”.

Horrela, azaroaren 25aren inguruan antolatu diren ekitaldietan parte hartzera gonbidatu ditu zornotzarrak: “adin guztietarako ekintzak antolatu dira, diziplina ezberdinetakoak. 16 eta 20 urte bitarteko gazteenentzat, indarkeria matxista prebenitzeko elikadura kontzienteari buruzko hitzaldia antolatu da; gurasoei eta tutoreei zuzendutako hitzaldi bat, gure seme-alabekin sexualitateaz nola hitz egin azalduko duena; Maite Franco kontalariak ‘Bizarrurdinak’ ipuina kontatuko die haurrei; Virginia Imazek, Berdintasunerako Emakunde Saria jaso duenak, clown ikuskizun bat eskainiko du; Gazte Txokoan bi jardunaldi izango dira: scape room bat eta eskulanak; Zinekluba jardunaldi bat ere ez da faltako; eta aurten, gainera, Amorebieta-Etxanoko emakume kirolariek osatutako mahai-inguru bat izango da”.

Amaitzeko, Saltarainek azpimarratu du programazioaren ekitaldi nagusia azaroaren 25ean izango dela; hala eguerdiko 12:00etan, Herriko plazan, Adierazpen Instituzionalaren irakurketa eta kontzentrazioa izango dira: "Zornotarrak gonbidatu nahi ditut ekitaldian parte hartzera, eta era berean, baita udalerriko elkarte feministek antolatutako jarduerei babesa ematera ere".

Erakundeen arteko kanpaina bateratua
Era berean, Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egin du EUDELek, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez, eta EAEko hiru Foru Aldundiek azaroaren 25aren harira abian jarritako kanpaina instituzionalarekin. Kanpaina bateratu honek zuzenean hitz egiten die gizonei eta gogoratzen die “bakarrik bai dela baietz” eta “ezetz esateko modu asko daudela, baina bat bakarra ulertzeko”. Kanpaina honetan gizonak dira, emakumeekin batera, beste gizon batzuei galdera hau egiten dietenak: ‘Zer ez duzu ulertu nahi? Soilik bai da baietz”.