Amorebieta-Etxanoko Udalak 2023ko tasak eta zergak izoztuko dituela iragarri du

2022/05/20
Neurria hirugarren urtez jarraian onartu da, Udalak ekonomian eta aurrekontuetan izandako kudeaketa zorrotzari esker.

Amorebieta-Etxanoko Udalak aho batez erabaki du 2023ko tasak, zergak eta prezio publikoak izoztea, gaur izan den Bozeramaile Batzordean. Hirugarren urtez jarraian hartu du erabakia Udalak, kudeaketan, ekonomian eta aurrekontuan izan duen zorroztasun ekonomikari esker. Hori horrela, datorren urtean, 2023an, indarrean jarraituko dute egungo ordenantza fiskaletako tasek, zergek eta prezio publikoek.

Inflazioari aurre egin ahal izatea, besteak beste
Zornotzarrak erdigunean jartzen ditu Udalak, hartzen duen erabaki bakoitzean. Hala,  beste urte batez, guztien bizitza hobetzen lagunduko duten neurri sozialak hartzea izango du helburu. Bide horretan, Andoni Agirrebeitia Abendibar alkateak berretsi du: «gure betebeharra da emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna bultzatzen jarraitzea, Amorebieta-Etxano jasangarriago bat lortzeko urratsak ematea, eta udalerriko jarduera ekonomikoari bultzada bat ematea».

Agirrebeitiak azpimarratu du egungo testuingurua kontuan izanda hartu dela erabakia: «pandemiak hobera egin badu ere, honek utzitako ondorioak bizirik jarraitzen dute egunerokoan. Gainera, aurten zornotzarrek inflazioaren arazoari ere egin behar izan diote aurre, eta eragina gizarteko sektore guzti-guztietan ari da antzematen. Udalaren egoera ekonomikoa ona da eta gure eginbeharra da gure herritarren interesak zaintzea eta Amorebieta-Etxano udalerri hobea bihurtzea».

Zergak, tasak eta prezio publikoak
Amorebieta-Etxanoko Udalak tasak, zergak eta prezio publikoak izozteko hartutako erabakiari esker, besteak beste, ez dira igoko:OHZn (Ondasun Higiezinen gaineko Zergan); ibilgailuen gaineko zergan; obren eta eraikuntzen gaineko zergan; uraren, saneamenduaren eta zaborren gaineko tasetan; gizarte-zerbitzuen prezio publikoetan; kiroldegiko, igerilekuko, gimnasioko eta kirol jardueretako abonuen prezio publikoetan; Zornotza Aretoko ekitaldi kulturaletan; zinema sarreretan; ikastaroetan; eta Udal Euskaltegiko matrikulen tasetan.