Amorebieta-Etxanoko Udalak 2022ko tasak eta zergak izoztu egingo ditu

2021/09/15
• Udalak ekonomian eta aurrekontuetan izandako kudeaketa zorrotzak ahalbidetu du neurria bigarren urtez jarraian hartu ahal izatea. • Ogasun Batzordeak aho batez onartu du akordioa.

Amorebieta-Etxanoko Udalak 2022rako tasak, zergak eta prezio publikoak izoztea adostu du; Ogasun Batzordeak aho batez hartu du erabakia, gaur. Udalak ekonomian eta aurrekontuetan izandako kudeaketa zorrotzak ahalbidetu du neurria bigarren urtez jarraian hartu ahal izatea. Hori horrela, datorren urtean indarrean jarraituko dute egungo ordenantza fiskalek.

 

Pandemiaren ondorioei aurre egiten laguntzako neurria

Amorebieta-Etxanoko Udalaren helburuak dira: zornotzar guztien bizi-kalitatea hobetuko duten neurri sozialak hartzea; emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna bultzatzea; epe labur, ertain eta luzean udalerriaren garapen iraunkorra babestea; eta udalerrian jarduera ekonomikoa bultzatzea. Andoni Agirrebeitia Abendibarrek apustua egin du pandemia eragiten ari den ondorioei aurre egiteko: "erabakia hartzerakoan kontuan izan da egungo testuingurua; zornotzarrak eta udalerriko enpresak babestu nahi ditugu. Udalaren egoera ekonomikoa ona da, eta zornotzarren bizi-kalitatea hobetzearen aldeko apustua egiten dugu, udalerri hobea eskainiz ".

 

Zergak, tasak eta prezio publikoak

Udalak tasak, zergak eta prezio publikoak izozteko hartutako erabakiak, besteak beste, ondorengoetan igoerarik ez izatea suposatzen du: OHZn (Ondasun Higiezinen gaineko Zergan); ibilgailuen gaineko zergan; obren eta eraikuntzen gaineko zergan; uraren, saneamenduaren eta zaborren gaineko tasetan; gizarte-zerbitzuen prezio publikoetan; kiroldegiko, igerilekuko, gimnasioko eta kirol jardueretako abonuen prezio publikoetan; Zornotza Aretoko ekitaldi kulturaletan; zinema sarreretan; ikastaroetan; eta Udal Euskaltegiko matrikulen tasetan.