Amorebieta-Etxanoko Udala oso pozik dago Pump Track pistak izan duen harrera onarekin

2021/08/06
Orain hilabete inguru bukatu zen obra eta uztailetik zabalik dute pista zornotzar guztiek. Instalazio berriarekin Udalak erantzuna eman dio 2021eko aurrekontu partehartzaileetan herritarrek egindako eskaerari.

Zornotzarrek ilusioz hartu dute Pump Track pista berria, eta horren erakusle da pistak azken hilabete honetan izan duen arrakasta. 2021eko aurrekontu partehartzaileen bueltan herritarrek egindako proposamenak arretarekin entzun zituen Amorebieta-Etxanoko Udalak, eta errealitate bihurtu du hauek egindako eskaeretako bat: gurpil gaineko kiroletara egokitutako Pump Track pista eraikitzea.

 

110 metroko ibilbidea duen zirkuitua

Udalak hilabete inguruan eraiki du pista berria Gure Kirolak pilotaleku ondoan, Nafarroa eta Jauregi Zahar kaleen artean. Zirkuituak, guztira, 110 metroko ibilbidea du eta bi mailatan dago banatuta: ertaina eta aurreratua. Maila ertaineko ibilbideak 90 metro lineal ditu, 1,80 metroko zabalerarekin. Diseinua maila guztietara dago egokitua, 6 kurbarekin eta 17 oztoporekin; dubbyak eta jauzi bikoitzak egin daitezke bertan. Maila aurreratuak berriz, 20 metro linealeko ibilbidea du, trebetasun handiagoko erabiltzaileentzat diseinatutako bi jauzirekin. Zornotzarrek maila ertainetik aurreratura joan-etorria egin ahal izango dute ibilbidearen bi puntutan.

 

Belaunaldi guztietara egokitua

Ia 49.000 euroko inbertsioarekin, asfaltozko Pump Truck pista, herritar guztientzat egokitua izateko diseinatu da. Helburua da, belaunaldi guztiek izatea aukera aire-zabalean egiten den modalitate berri honetaz gozatzeko.