Amorebieta-Etxanoko Udala, adingabe desgaituen tratamenduak diruz laguntzen dituen bakarra

2020/05/29
•Amorebieta-Etxano da 6 eta 18 urte arteko adingabeei mota honetako diru-laguntzak ematen dizkien udalerri bakarra. •Neurri honek Bizkaiko Foru Aldundiak 0-6 urte artean dituzten umeei ematen dien laguntza, haurtzaro eta nerabezaro osoan izatea bermatzen du. •Babes sozialerako eta suspertze ekonomikorako plana onartu eta bi astetara, Amorebieta-Etxanoko Udalak aurreikusten dituen 1,35 milioitik %70 baino gehiago erabili du.

Amorebieta-Etxano, 2020ko maiatzaren 29a. Amorebieta-Etxanoko Udalak Osoko Bilkura egin du gaur, eta bertan iragarri ditu desgaitasuna duten adingabeentzat diru-laguntzak.  Desgaitasuna duten 6 eta 18  urte arteko adingabeei diru-laguntza emango dien udalerri bakarra da. Helburua bizi-kalitatea hobetzea da, familian, eskolan eta gizartean ahalik eta gehien integratzeko, eta baita autonomia pertsonala hobetzeko.


Amorebieta-Etxanoko Udalaren laguntzek haurtzaro eta nerabezaro osoan arreta izatea bermatuko dute, izan ere Bizkaiko Foru Aldundiak ematen duen laguntzari jarraipena emango zaio (azken honek 0-6 urte arteko arreta goiztiarra laguntzen du).
Horrela, Amorebieta-Etxanoko Udala da desgaitasunaren eragina ume eta gazteen garapenean arintzera zuzendutako tratamenduak 18 urtera arte diruz lagunduko dituen bakarra, desgaitasun hori fisikoa, psikosoziala, kognitiboa edo sentsoriala izan.


Diru-laguntza eskuratu ahal izango dute 6 eta 18 urte arteko umeek, Amorebieta-Etxanon erroldatuta badaude, eta Bizkaiko Foru Aldundiak aitortutako %33ko desgaitasuna edo handiagoa badute.


Babes sozialerako eta suspertzeko ekonomikorako plana: %70 baino gehiago erabili da
Amorebieta-Etxanoko Udalak duela gutxi onartu zuen babes sozialerako eta suspertze ekonomikorako plana. Guztira 1.350.000 euroko inbertsioa da eta udalbatzako kide guztien babesa izan du.


Plana martxan jarri eta handik bi astera, gaur goizeko Osoko Bilkuran, Amorebieta-Etxanoko Udalak jakinarazi du planaren partida ekonomikoko %70 jadanik esleitu dela. Horrek esan nahi du 805.000 euro erabili direla herritar zaurgarrienei arreta emateko, ekonomia eta enplegua sustatzeko, eta tokiko kultura sustatzeko.


Planak aurten bertan indarrean sartuko diren 17 neurri jasotzen ditu. Oraindik esleitu ez den zenbatekoa datozen asteetan erabiliko dela aurreikusten da.