Nafarroa Zentroa birmoldatzeko lanen lehenengo fasea amaitu da. Lan hauei esker, nagusiei zerbitzu berriak eskaini ahal izango zaizkie

2017/10/19
• Zaharberritutako instalazioak gaur ikusi ahal izango dira bisita gidatu batean • Uda honetan egindako lanen ondorioz, eguneko programa bat jarriko da martxan, menpekotasuna duten pertsonen autonomia hobetzeko • Amaitu berri den lehenengo fase honekin hasiera eman zaio Nafarroa Zentroa osorik zaharberritzeari eta datozen urteetan ondorengo lanei ekingo zaie

Amorebieta-Etxano, 2017ko urriaren 19a. Amorebieta-Etxanoko Udalak gaur emango ditu ezagutzera Nafarroa Zentroko instalazio berriak, hain zuzen ere ekipamendua zaharberritzeko egingo diren lau fasetatik lehena amaitu ondoren.  Uda honetan egindako lanei esker, eraikinaren bigarren solairuko 630m2 dituen gune bat eraberritu da.

 

Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuak indartu nahi ditu lan hauekin eta horretara 500.000 euro bideratuko ditu. Menpekotasuna duten edo menpekotasuna izateko arriskuan dauden nagusiei zuzendutako hiru gune berri zabalduko dira Eguneko Arreta programaren barruan. Pertsona horiei aldi baterako edo iraupen luzerako zerbitzua egunez eskainiko zaie. Zerbitzu horretan euren autonomia sustatzeko laguntza emango zaie, neurriz, ohiko bizimoduari eta sozializazioari eutsi diezaieten bakardadea hautsi dezakeen aukera izan dezaten.

 

Era berean, Jubilatuen Egoitzako tabernan ere lanak egin dira sukaldea prest izateko eta eraikineko larrialdi irteerak egokitzeko.  

 

Amaitu berri den lehenengo fase honekin hasiera eman zaio Nafarroa Zentroa osorik zaharberritzeari eta datozen urteetan ondorengo lanei ekingo zaie.  Amorebieta-Etxanoko Udalak inbertsio hau burutu du herrian Gizarte Ekintza Sailaren bidez eskaintzen diren zerbitzuak areagotzeko, esaterako: nagusien eguneko zentroa, minusbaliotasuna dutenentzako eguneko zentroa, jubilatuen etxea, desgaitasunen bat dutenentzako integrazio elkartea (AIDAE), Down sindromea fundazioa eta minbiziaren aurkako elkartea.