Amorebieta-Etxanoko liburutegiak herritarrek koronabirusari buruz egindako lanak ikusgai izango ditu

2020/03/18
• Proiektuak herritarrak animatu nahi ditu marrazki eta ipuin laburren bidez egun hauek nola bizi dituzten azal dezaten eta zeintzuk diren sortzen diren emozioak. • Liburutegiak jasoko diren lan guztien artean batzuk aukeratu eta Zelaieta Zentroan ikusgai jarriko ditu alarma egoera amaitzen denean.

Amorebieta-Etxano, 2020ko martxoaren 18a. Amorebieta-Etxanoko Udalak erakusketa bat antolatuko du zornotzarrek koronabirusa dela-eta egindako sorkuntza lanekin. Proiektu honen bidez, liburutegiak herritarrak animatu nahi ditu beraien sentimenduak adieraztera, isolamendua jasangarriago egiteko. Aldi berean, une honetan bizi dugun egoerari aurre egiteko herritarrek dituzten modu desberdinak ikusaraziko dira.

Nahi duten guztiek parte har dezakete eta beraien sorkuntza lanak bidali. Adibidez, umeek parte har dezakete eta marrazkiak bidali isolamendua nola bizi duten adieraziz, nola jolasten duten, zer irakurtzen duten, eguna nola pasatzen duten, etab. Aldi berean, nagusiei ipuin laburrak idaztea proposatzen zaie, egoera honetan azaleratzen diren sentimenduak azalduz: elkartasuna, asperdura, estutasuna, kooperazioa, etab. Proiektua irekia da eta edozein motatako sorkuntza ekarpenak egin daitezke.

Liburutegiak jasotako lan guztien artean batzuk aukeratuko ditu eta Zelaieta Zentroan ikusgai jarriko ditu, herria normaltasunera bueltatzen denean eta herritarrak bertaratzen direnean ekimen honen bidez beraien bizipenak islatuta ikus ditzaten.

Lanak e-posta bidez bidali daitezke ondoko helbidera: Zentroak parte hartzera animatu nahi zaituzte eta aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkizue.