Amorebieta-Etxanoko ikastetxeetako ikasleek Eskola Agenda 2030 Udal Foroan parte hartu zuten

2022/05/31
• 30 ikasle inguru elkartu ziren Andoni Agirrebeitia alkatearekin eta Eider Galarza eta Aitziber Garay udal teknikariekin, aurreko ikasturtean egindako hobekuntza-proposamenen egoera errepasatzeko eta hartutako konpromisoak azaltzeko.

Amorebieta-Etxanoko Udalak antolatutako Eskola Agenda 2030 Udal Foroaren baitan, topaketa berri bat izan zen pasa den maiatzaren 26an. Bertan parte hartu zuten udalerriko ikastetxetako 30 ikasle inguruk, Andoni Agirrebeitia alkateak eta Eider Galarza eta Aitziber Garay udal teknikariek. Hala, eta bertan bildutakoei ongietorria eman ondoren, Alkateak, bi teknikarien laguntzarekin, aurreko ikasturtean ikasleek egindako hobekuntza-proposamen teknikoen egoera errepasatu zuen.

Hiri eta komunitate jasangarriak
Errepasoa egin ondoren, ikasleek aukera izan zuten Eskola Agenda 2030 esparruaren baitan beren ikastetxeetan egin dituzten jarduerak aurkezteko. Ikasturte honetan, Udal mailan, Garapen Jasangarriaren Helburuetatik hamaikagarrena aztertu dute, hau da, Hiri eta komunitate jasangarriak. Hala, udalerriko berdeguneak eta bizikleta bidezko mugikortasuna landu dituzte. Egoera aztertu eta azaldu ondoren, hartutako konpromisoak azaldu zituzten eta udal arduradunei bideratutako proposamenen berri eman zuten, beti ere, Amorebieta-Etxano udalerri jasangarriagoa izateko helburuarekin. 

Bilera amaieran, Andoni Agirrebetia alkateak eskerrak eman zizkien bertaratutakoei, urtero programa honen baitan egiten duten ahaleginagatik eta lanagatik, eta datorren ikasturteko Udal Forora arte agurtu zituen.