Amorebieta-Etxanoko hiru artista ezagunek egindako hiru Zintzilik ikusi ahal izango dira ostegunetik aurrera

2020/07/06
• Koralak eta Amorebieta-Etxanoko Udaleko Kultura Sailak Enrike Renteria pintura lehiaketako Zintzilik modalitatea gogoratu nahi dute. • Iñaki Olabarri, Mikel Berrojalbiz eta Rosalinda Incardonaren lanak udaletxeko eta Zelaieta Zentroko fatxadan ikusi ahal izango dira.

Amorebieta-Etxano, 2020ko uztailaren 6a. Koralak, Amorebieta-Etxanoko Udaleko Kultura Sailaren laguntzarekin, Enrike Renteria pintura lehiaketako Zintzilik modalitatea gogoratu nahi du, hiru artista zornotzarren lanekin. Lan hauek udaletxeko fatxadan eta Zelaieta Zentroan ikusgai egongo dira datorren ostegunetik, uztailaren 9tik, aurrera.

COVID-19ak eragindako egoerak Amorebieta-Etxanoko kultur proiektu asko atzeratu edo bertan behera uztea ekarri du.  Enrike Renteria pintura lehiaketa ez da salbuespena izan, eta osasunaren ikuspuntutik zuhurtziaz jokatzeagatik, normalean egin ohi den bezala ez egitea erabaki da.

Hala ere, Koralak eta Amorebieta-Etxanoko Udaleko Kultura Sailak, kulturaren garrantzia edo kasu honetan arte plastikoena, azpimarratu beharra ikusi dute, baita egungo egoeran ere. Egoera honetan, herrian bizi diren hiru artistari Enrike Renteria lehiaketaren garrantzia gogoratzeko hiru artelan sortzeko erronka aurkeztu zitzaien.

Erronka onartu eta Zintzilik-Enrike Renteria 2020 programak hiru sorkuntza lan berri izango ditu. Iñaki Olabarri eta Mikel Berrojalbizek 2x3 metroko lan bi egingo dituzte, eta lan hauek Zelaieta Zetroko fatxadan ikusgai egongo dira uztailaren 9tik aurrera. Bestalde, Rosalinda Incardonak Amorebieta-Etxanoko udaletxean zintzilikatuko du bere lana.

Salbuespenez, hiru adierazpen artistiko hauen sorkuntza lana dokumentatu egin da, Koralak uste baita egungo egoerak merezi duela pandemia honetan egindako sorkuntza lana erakusten duten adierazpen grafiko bat izatea, eta hori herritarrei helaraztea. Zornotza Aretoko webgunean (mediatekan) egongo den bideo batean ikusi ahal izango da sorkuntza lana, uztailaren 12tik aurrera: https://sarrerakzornotzaaretoa.com/mediateka/