Amorebieta-Etxanoko Guraso Eskolek familiaren esparruko mendekotasunen prebentzioa landuko dute

2021/03/05
Lehen aldiz, proiektu honek 0 eta 3 urte bitarteko seme-alabak dituzten familientzako talde bat izango du, familiaren osasun emozionala, atxikimenduaren eta lotura positiboaren ikuspuntutik landuko duena. 10 eta 13 urte bitarteko eta 14 eta 16 urte bitarteko taldeei dagokienez, Informazioaren Teknologien eta familiako komunikazioaren arteko harremana landuko da hezkuntza emozionalaren ikuspegitik.

Amorebieta-Etxano, 2021eko martxoaren 5ean, ostirala. Urtero bezala, Amorebieta-Etxanoko Guraso Eskolak iritsi dira, gurasotasun positiboaren bidez familiaren esparruko mendekotasunen prebentzioa sustatzeko helburuarekin. Horretarako, Gizarte Ekintza Sailak, Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuarekin eta Gizarte Hezkuntzazko Esku-hartze Zerbitzuarekin lankidetzan, online garatuko diren prestakuntza ezberdinak eskainiko ditu, familiei eguneroko bizikidetzako arazoak eta gorabeherak gainditzen laguntzeko.

Gizarte Ekintza Sailak, prebentzioak bizitzako lehen urteetatik presente egon behar duela uste du. Horregatik, lehen aldiz, proiektu honek 0 eta 3 urte bitarteko seme-alabak dituzten familientzako talde bat izango du. Ildo honetan, helburua atxikimenduaren eta lotura positiboen bidez, familiaren osasun emozionala sustatzea izango da. Online burutuko den prestakuntza hau Patricia Roncallo Andradek zuzenduko du apirilaren 13, 20 eta 27an eta maiatzaren 4an 17:30etik 19:00etara.

10 eta 13 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiei zuzendutako proiektuari dagokionez, hezkuntza emozionalaren eta IKTen (Informazioaren Teknologiak) arteko harremanaren inguruan egingo da lan. Prestakuntza online burutuko da martxoaren 15ean gaztelaniaz eta martxoaren 22an euskaraz, 18:00etatik 19:30era, eta hizlaria Andrea Garófano Zabala izango da.

Azkenik, 14 eta 16 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiei dagokienez, Informazio Teknologien eta famili-komunikazioaren arteko harremana aztertuko da heziketa emozionalaren ikuspuntutik. Online izango da, Martxoaren 17an gaztelaniaz eta martxoaren 24an euskaraz, 18:00etatik 19:30era eta kasu honetan ere, Andrea Garófano Zabalaren gidaritzapean.

Nabarmendu behar da talde bakoitzak, aurrera egiteko, gutxienez 5 pertsona izan beharko dituela. Parte-hartzeko borondatea dutenek, 2021eko martxoaren 12ra arte izango dute izena emateko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bidez, 010 (Amorebieta-Etxanotik doan) edo 946 30 01 90 telefono zenbakietara deituz edo bestela, drogamendekotasuna@amorebieta.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz.