Amorebieta-Etxanoko ermita eta elizak Eleizetan programako eszenatoki izango dira

2022/09/07
• Kontzertuak irailaren 10etik 30era bitartean izango dira, eta estilo ezberdinak izango dituzte: antzinako musika, herri-musika, berpizkundea, jazza, barrokoa, folka… • Ermita eta elizetara joan-etorria egiteko doako autobus zerbitzua egongo da Gudari kaleko geltokitik, kontzertu egunetan.

Amorebieta-Etxanoko Udalak Eleizetan ganbera musikako kontzertuen edizio berriko kartela aurkeztu du, herriko ermitak eta elizak eszenatoki izango dituena. Beste urte batez, eta 2002tik etenik gabe gertatzen ari den bezala, musika eskaintza anitza eta zabala izango da: antzinako musikatik hasi eta jazza, barrokoa, berpizkundeko musika, herri musika, folka... izango dira nagusi. Kontzertu guztiak kalitatezkoak eta ganbera formatukoak izango dira, hau da, hurbilekoak eta zuzenekoak. Ermitetako kontzertuak Dudeako San Migel eta Boroako San Pedro ermitetan egingo dira, eta elizetakoak Bernagoitiko San Migel, Larreako San Joan Bataiatzailea, Etxanoko Andra Mari eta Garaitondoko San Isidron.

Emakume ahotsak, aurreneko kontzertuan
Zazpi emakume ahots, melodia sorginduak, panderoa eta dantzak izango dira protagonista Eleizetan ekimenaren edizio berriko aurreneko kontzertuan, Neomak izenburupean. Proposamen tradizionala izango da, irakurketa modernoan oinarrituta eta eszenaratze berritzailearekin. Kepa Junkerarekin Sorginak proiektuan lan egin eta gero, Amorebieta-Etxanora iritsiko dira euren sustraien haria eten gabe, baina begirada eraberrituarekin. Ordubeteko ikuskizuna izango da, eta bertan ahotsek, trikitixak eta panderoek bat egingo dute, eta folk estiloa oinarri izanda, abesti ezberdinen bertsioak eskainiko dituzte; abesti propioak ere joko dituzte.

Eguna: irailak 10, larunbata
Lekua: Etxanoko Andra Mari 
Ordua: 20:00

Carmen Vela, bakarkako aurreneko lanarekin
«Carmen Vela Quartet» du izena Carmen Vela flautista madrildarraren bakarkako lehen lanak. Amorebieta-Etxanon izango da sona handiko musikari taldearekin batera. Camina izeneko bere albumak artista polifazetikoaren etengabeko bilaketa islatzen du, eta jazz harmoniak, erritmo brasildarrak eta kolore flamenkoak nahasten ditu, bere freskotasun, dotorezia eta bizitasunagatik harritzen duten piezetan.

Eguna: irailak 17, larunbata
Lekua: Bernagoitiko San Miguel Eliza 
Ordua: 20:00

Barrokora bidaia
Barroko garaiko abesti esanguratsuenak izango dira protagonista ‘Viaje al Barroco" izeneko kontzertuan. Barbara Strozzi konpositoreak eta bere mezenasak kontzertu atsegin eta didaktiko batean gidatuko dituzte ikusleak, modu antzeztuan. Adhara Martinezek Barbara Strozzi interpretatuko du, eta Teresa Merinok haren laguna zen Anna; biek aurkeztuko dituzte garaiko gorabehera guztiak, Vivaldi, Monteverdi, Strozzi, Pergolesi, Haendelen musikarekin.

Eguna: irailak 18, igandea
Lekua: Dudeako San Miguel Baseliza 
Ordua: 19:00

Alzola hirukotea
Itsasne Alzola zornotzarra izango da ‘Trio Alzola’ taldeko interpreteetako bat, Pierre Deppe txelo-jotzaile eta Benoit Deppe piano-jole frantsesekin batera. Hirukoteak Suitzan ezagutu zuen elkar, eta ordutik elkarrekin egin dute bidea, euren talentua kontzertu ezberdinetan ezagutaraziz. Beraien kontzerturen bat zuzenean ikusteko plazera izan duenak hasieratik antzeman du bertan ikus eta entzun daitekeen kimika paregabea, konexioa eta konplizitatea, beti ere musikaltasunaren erakusgarri gisa.

Eguna: irailak 24, larunbata
Lekua: Boroako San Pedro Baseliza 
Ordua: 20:00

Bilboko Ganbera Orkestra eta Abesbatzak
Izenak berak dioen bezala, Bilboko Ganbera Orkestra eta Abesbatzak, abesbatzaren eta orkestraren arteko uztarketa eskainiko du, biak elkartearen ezaugarri bereizgarriak. 45 urteko ibilbidean, eta kontzertu ugari eman ondoren, estilo askotako errepertorioa dute: gregorianotik hasi eta musika folklorikora, berpizkundea, barrokoa, erromantizismoa, klasizismoa, zinemako musika, erlijiosoa, profanoa, euskalduna eta kanpotarra, a capella eta orkestrala. Gaur egun, 45 bat lagunek osatzen dute taldea, guztiak Daniel Garayren zuzendaritzapean.

Eguna: irailak 25, igandea
Lekua: Larreako San Juan Bataiatzailearen Eliza 
Ordua: 19:00

Galma Boskotea, Musikenetik
Aurtengo azken kontzertua Galma Boskoteak eskainiko du, 2021ean Musikeneko Ganbera Musika irakasgaiaren barruan sortutako taldeak. Ana Teresa Sanz González (oboea), Jaume Sans Juanico (flauta), Silvia Ferro Fernández (klarinetea), Roi Guzmán Gómez (tronpa) eta Pablo Castellanos Alloza (fagota) dira taldeko kideak. Guztiak dira hainbat orkestra autonomikotako kide, eta gaur egun Sergio Barranco irakaslearekin jarraitzen dute ganbera-prestakuntzan.

Eguna: irailak 30, igandea
Lekua: Garaitaondoko San Isidro Baselizan 
Ordua: 20:00

Autobus zerbitzua, debalde
Amorebieta-Etxanoko Udalak doako autobus-zerbitzua eskainiko du, herritarrak baselizetara hurbildu daitezen. Autobus guztiak Gudari kaleko geltokitik aterako dira:
Irailak 10 - 19:30
Irailak 17 - 19:15
Irailak 18 -  18: 30
Irailak 24 - 19:30
Irailak 25 – Ez da autobus zerbitzurik egongo
Irailak 30 - 19:30

IKUSI ELEIZETAN PROGAMA HEMEN