Amorebieta-Etxanoko Alkateak herri osoaren ilusioa eta harrotasuna helarazi du SD Amorebietaren estreinaldia dela eta

2021/08/12
• Agirrebeitiak gogoratu du joan den denboraldian lortutako igoera klub osoaren lanaren eta ahaleginaren ondorena izan dela.

Andoni Agirrebeitia Abendibar alkateak Amorebieta-Etxanoko Udalak eta zornotzar guztiek sentitzen duten ilusioa eta harrotasuna helarazi nahi du, SD Amorebieta taldeak Smartbank ligan egingo duen estreinaldia dela eta. Denboraldiko aurreneko partidua Katalunian jokatuko badute ere, ligako faboritoa den Gironaren kontra, Alkateak indarra eta babesa helarazi nahi die jokalariei eta taldeko kideei ohar honen bitartez. Era berean, zorterik onena opa die partidu honetarako eta denboraldiko gainerakoetarako.

 

Esfortzuaren ordainsaria

Agirrebeitiak taldeak aurreko denboraldian erakutsitako lana, esfortzua eta ahalegina azpimarratu nahi ditu, eta orain merezitako sariaz gozatzeko ordua iritsi zaiela gogoratu. Era bereran azpimarratu nahi du SD Amorebietak lortutakoa ez dela soilik azken urteko lanaren ondorioa, klubeko estamentu guztiek urte luzez egindako lanaren ordainsaria baizik.

Azkenik klubaren igoerak Amorebieta-Etxanon piztu duen ilusioa ere azpimarratu nahi du Alkateak, eta zornotzar guztiak gonbidatu nahi ditu etxeko partiduekin gozatzera eta taldeari babesa ematera, nahiz eta klubak partidu horiek Urritxen jokatzerik ez izan.