Amorebieta-Etxanok Tabakorik gabeko Eguna ospatuko du, familiak protagonistak izango direlarik

2020/05/26
• Aurten Udalak tabakismoaren inguruan gogoeta eginarazi nahi digu bideo batekin, egungo osasun egoera dela-eta, ezin baita informazio karparik jarri. • Gainera, lehiaketa bat proposatzen zaie familiei: tabakoaren kontrako eslogan bat diseinatzea. Formatu guztiak onartuko dira eta proposamenak ondoko helbidera bidali beharko dira ekainaren 5a baino lehen: drogamendekotasuna@amorebieta.eus.

Amorebieta-Etxano, 2020ko maiatzaren 26a. Datorren igandean, maiatzaren 31n, Tabakorik gabeko Munduko Eguna ospatuko da, eta aurten ere, Amorebieta-Etxanoko Udalak ospakizunarekin bat egingo du Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuaren eskutik.

Egungo osasun krisialdiarengatik, aurten ez da posible izan normalean ipini ohi den informazio karpa jartzea. Dena dela, Amorebieta-Etxanoko Udalak gogoeta egiteko egun honen aldeko apustua egiten jarraitzen du, eta horregatik, bideo bat aterako du herritarrei tabakismoaren arriskuei buruzko informazioa emateko.

Bertan ondokoak landuko dira: tabakoaren osagaiak, ondorioak epe laburrean eta luzean erretzaileengan eta ez erretzaileengan, gehiegiezko kontsumoa eta adikzioa, erretzen hasteko gizartearen prezioa, zigarro elektronikoak eta liatzeko tabakoa, beste batzuen artean.

Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuak familiarekin bideoa ikustea proposatzen du, eta tabakoaren kontrako esloganen lehiaketan parte hartzeko deia egiten du.  Formatu guztietako ideiak onartzen dira: marrazki bat, argazki bat, bideo bat, etab.

Proposamenak ekainaren 5erako bidali beharko dira helbidera, izen-abizenak adieraziz. Amorebieta-Etxanoko Udalak webgunean jarriko ditu jasotako ideiak.