Amorebieta-Etxanok ikastaro berri bat antolatu du zaintzaileek estresa kontrolatzen ikas dezaten

2016/02/15
• Zaintza lanei loturiko tentsio eta urduritasun egoeretan moldatzen lagundu nahi zaie zaintzaileei. • Ikastaroa doakoa da eta otsailetik maiatzera bitartean egingo da, 17:00etatik 18:30era.

Amorebieta-Etxano, 2016ko otsailaren 15a Amorebieta-Etxanoko Udaleko Gizarte Ekintza Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, "Erlaxazio tailer" bat antolatu du zaintzaileei laguntzeko.

Jarduera “Zainduz, zaintzailea zaindu” programaren barruan kokatua dago eta mendekotasun egoeran daudenak zaintzen dituzten senitartekoei zuzenduta dago. 

Zaintza lanetan zaintzaileak fisikoki zein emozionalki gainezka egin dezake. Tailer honen bidez bertaratzen direnek zaintza lanei lotutako urduritasun egoerak identifikatuko dituzte, erlaxazioaren onurak ezagutu eta erlaxatzeko teknikak ikasiko dituzte, tentsio uneetan erabili ahal izateko.

Prestakuntza Ainhoa Pazosek emango du. Honek esperientzia zabala du psikoterapeuta eta prestatzaile gisa. Ikastaroa doakoa da eta parte hartu ahal izateko Gizarte Ekintzako bulegoetan izena eman behar da edota bestela 94 630 01 90 telefono zenbakira deitu.