Amorebieta-Etxanok Gerra Zibileko biktimak gogoratuko ditu asteburuan

2020/05/15
• Astelehenean, maiatzaren 18an, 83 urte beteko dira tropa frankistak udalerrian sartu zirenetik. • Osasun larrialdia dela eta, ezin izango da ohiko ospakizun ekitaldia egin, baina Zelaieta Parkeko plakaren aurrean lore eskaintza egingo da, gatazka jasan zuten pertsona guztien omenez.

Amorebieta-Etxano, 2020ko maiatzaren 15a. Datorren astelehenean, maiatzaren 18an, 83 urte beteko dira tropa frankistak Amorebieta-Etxanon sartu zirenetik, eta, urtero bezala, zornotzarrek omenaldia egingo diete berriro ere Gerra Zibileko biktimei.

Zornotza Kultur Elkarte Artistikoak antolatzen ditu urtero oroipen-ekitaldiak. Aurten, osasun-larrialdia dela eta, ezin izango da omenaldia aurrez aurre egin, baina ohikoa den lore-eskaintza egingo da. Bihar izango da, maiatzak 16, larunbata, Zelaieta parkean gatazkaren biktima guztien omenez jarritako plakaren aurrean.

Zornotza Kultur Elkarte Artistikoak urteroko omenaldi honen bultzatzaile Gregorio Arrien ere oroitzeko aukera aprobetxatzen du, bere bizitza ikerketan eta ezagutza historikoan eman zuena.