Amorebieta-Etxanok Emakumeen Osasunaren aldeko Nazioarteko Eguna ospatuko du datorren astean.

2015/05/21
• Ekimen honekin argi utzi nahi da osasunak emakumeen bizitzarengan duen eragina, aldi berean zornotzarren parte-hartzea sustatuz. • Asteartean, hilaren 26an, “Amaren eskuak” pelikula ikusi ahal izango da; 28an herriko emakume kirolariekin hitzaldi bat egongo da eta 30ean martxa eta errelebo lasterketa.

Amorebieta-Etxano, 2015eko maiatzaren 21. Amorebieta-Etxanoko Udaleko Gizarte Ekintza Sailak Emakumeen Osasunaren aldeko Nazioarteko Eguna ospatzeko hainbat ekintza antolatu ditu.  Ekimen honekin argi utzi nahi da osasunak emakumeen bizitzarengan duen eragina, aldi berean zornotzarren parte-hartzea sustatuz.

Hiru dira antolatu diren ekintzak.  Lehenengo eta behin, asteartean, maiatzaren 26an, “Amaren eskuak” pelikula ikusi ahal izango da. Euskarazko film hau, gaztelaniazko azpitituluak dituena, Karmele Jaioren liburuan oinarrituta dago. Nerea da protagonista, 38 urteko emakume bat, ama bat, familia bizitza bere karrera profesionalarekin uztartzen saiatzen dena (egunkari bateko erredakzioan kazetari lanetan dihardu). Nerearen bizitzak ordura arte izandako oreka eskasa hankaz gora gelditzen da egun batetik bestera bere ama, Luisa, ospitalera eramaten dutenean memoria guztiz galduta. 20:00etan izango da Zornotza Aretoan.

Maiatzaren 28an 19:30ean Zelaieta zentroan herriko emakume kirolariekin hitzaldi bat egongo da. Bertan ondokoak egongo dira: Iraia García atleta, Itxaso Martín Athleticeko jokalari ohia eta Naia Fernández, saskibaloi jokalari ohia eta egun entrenatzailea. 

Azkenik, larunbatean, maiatzaren 30ean, 11:00etan martxa egongo da eta ordu berean Zubiondo plazan errelebo lasterketa.