Amorebieta-Etxanok Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko du

2017/03/02
• Martxoan 8an 13:00etan elkarretaretzea egingo da Herriko Plazan eta erakunde adierazpena irakurriko da. • Martxoaren 4an Zelaieta parkeko karpan Emakume Nekazari eta Artisauen XX. Edizioa egongo da goiz guztian zehar

Amorebieta-Etxano, 2017ko martxoaren 2a. Amorebieta-Etxanoko Udaleko Berdintasun Sailak Kultura Sailarekin eta udal liburutegiarekin batera, hainbat ekintza antolatu ditu herrian Emakumeen Nazioarteko Eguna, martxoaren 8a, ospatzeko.

Emakume nekazarien azoka

Martxoaren 8a dela-eta egingo diren jarduerak, larunbatean hasiko dira, martxoaren 4an. Zelaieta parkean egongo den karpan egun guztian zehar Emakume Nekazari eta Artisauen XX. Azoka egongo da ikusgai.  Euskal Herriko hainbat lekutatik etorriko dira emakumeak produktu aukera zabalarekin: ogia, ahatearen ingurukoak, gozogintza, marmeladak, fruta-gozokiak, etxean egindako hanburgesak, barazkiak, gazta eta esnekiak, bitxigintza, larrua, zeramika, arropak edota birziklatutako osagarriak, etab.   

Larunbatean bertan 20:00etan Gaztetxokoan Gauero Disko egingo da Beldur Barik gunean.

Martxoak 8

Ekitaldi nagusia Herriko Plazan izango da. Bertan elkarretaratzea egingo da ondoren erakunde adierazpen bat irakurriko da.

Bestalde, Nafarroa Zentroan emakume ekintzaileen beharrizanei erantzuteko jardunaldi bat egongo da, beharrizan horiei irtenbide bat emateko eta ekintzaileen artean sare bat nola sortu eztabaidatzeko.

Bestelako jarduerak:

- Musikak ere bere tartea izango du Emakumearen Eguna ospatzerakoan. Horrela, martxoaren 11n, Zelaieta parkean “La Basu” rap abeslari feministaren ikuskizuna egongo da. Ikuskizun hau 21:30ean hasiko da.

- Martxoaren 18an, 11:00etan, Udalak nerabeei zuzendutako tailer bat antolatu du Furiaren eskutik “Musika laborategia” izenekoa. Gaztetxokoan izango da.  

- Umeek ere egun hau ospatzeko aukera izango dute. Maite Franco ipuin kontalariak “Filomena Musugorri, errege” ipuina irakurriko die 3 eta 5 urte bitartean dituzten umeei 12:00etatik aurrera.  Ordu erdi beranduago, 6 urte baino gehiago dituztenen txanda izango da. Hauek ere ipuina entzun ahal izango dute Udal Liburutegian.

- Gainera, martxoan Kine Zikloaren barruan emakumeekin zerikusia duten hainbat film ikusi ahal izango dira. Konkretuki, martxoaren 7an “La puerta abierta” filmaren txanda izango da. Aldez aurretik, Urgotxouk film honi buruzko irakurketa dramatizatu batekin zikloa aurkeztuko du.  

Martxoaren 14an, “Toni Erdmann” filma aurkeztuko da eta martxoaren 21ean, asteartea, “María (y los demás)” filmaren txanda izango da. Honen ondoren, solasaldi bat egingo da eta horrekin zikloa amaitutzat joko da.