Amorebieta-Etxanok diru-laguntzak eskainiko ditu eskola-materiala erosteko

2020/09/17
• Helburua eskola-adineko seme-alabak dituzten udalerriko familiei laguntza ekonomikoa ematea da. • Diru-laguntzetarako partida 30.000 eurokoa da.

Amorebieta-Etxano, irailak 17, osteguna. Amorebieta-Etxanoko Udalak ikasturte berrirako eskola-materiala erosteko diru-laguntzak eskaintzen ditu. Diru-laguntzak seme-alabak eskola-adinean dituzten udalerriko familiei zuzenduta daude.

Gastuak hauek dira: material idatzia eta suntsikorra – koadernoak, folioak, informatikako kontsumigarriak –, material suntsiezina – testuliburuak, motxilak, kutxatilak, sailkatzaileak, kalkulagailuak –, eskola-jarduerarako janzteko artikuluak – uniformea, mantalak, arropa eta gorputz-hezkuntzarako oinetakoak – eta eskulanetarako erabilitako elementuak.

Aurrekontua 30.000 eurokoa da. Kanpoan geratuko dira urtean 35.000 eurotik gorako familia-errentak. Lau kide baino gehiagoko familien kasuan, errenta ez da urteko 40.000 eurotik gorakoa izango.

Diruz lagundu daitezkeen artikuluak Amorebieta-Etxanoko saltokietan erositakoak izan beharko dira. Diru-laguntzaren eskabidea eta eskatutako dokumentazioa Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) aurkeztu beharko dira. Aurkezteko epea zabalik dago eta 2020ko urriaren 31n amaituko da.