Amorebieta-Etxanok bizikletaz egunero egiten diren joan-etorriak sustatuko ditu

2021/02/22
Amorebieta-Etxanok, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Bredako (Holanda) eta Deustuko unibertsitateekin, Orbearekin eta CTBrekin elkarlanean esperientziak, gaitasunak eta ezagutza batuko ditu herritarren artean bizikletaz mugitzea sustatzeko. Amorebieta-Etxanok aholkularitza izango du eta proiektu pilotu batean parte hartuko du, gizartea eta hiria eraldatzeko elementu gisa, bizikletaren erabilerari balioa emateko helburuarekin.

Amorebieta-Etxano, 2021eko otsailaren 22an, astelehena. Hiri-mugikortasuna, jasangarriagoa izan nahi duen eta bizikletaren erabileraren berpiztea helburutzat duen eredu baterantz ari da mugitzen. Eredu hori garraio ekonomiko, ekologiko eta osasungarri gisa eta aldi berean, hirigunea eraldatzen duen elementu moduan aldarrikatzen da. Hori dela eta, gaur egun, bizikletaren erabilera agenda politiko eta instituzionalean sartzen ari da, modu orokorragoan.

Bizikleta elementu eraldatzaile gisa erabiltzearen aldeko apustu horretatik sortu da Bizkaiko Foru Aldundiak, Bredako (Holanda) eta Deustuko unibertsitateek, Orbeak eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak osatutako eta bizikletan mugikortasun jasangarria bultzatzeko ezagutzak, esperientziak eta gaitasunak batzen dituen aliantza. Talde horrek eguneroko joan-etorriak bizikletaz egiteko erabaki pertsonala bultzatu eta errazteko helburuarekin, hainbat arlotako proiektuak gauzatuko ditu, hala nola azpiegiturak, bizikletaren inguruko enpresa-sorkuntza edo I+G+b arloko prestakuntza.

Aholkularitza eta proiektu pilotua

Ildo horretan, aurten hainbat ekimen hasiko dira testatzen. Horrela, Bizkaiko zenbait udalerrik, besteak beste Amorebieta-Etxanok, Getxok eta Leioak, aholkularitza jasoko dute eta proiektu pilotu banatan parte hartuko dute, gizartea eta hiria eraldatzeko elementu gisa, bizikletari balioa emateko.

Teknologia berriekin eta adimen artifizialarekin ere lan egingo da, mugikortasunaren arloko prestakuntza, enpresa-sorkuntza eta bizikletaren inguruko I+G+b sustatuko da eta kontzientziazio-kanpainak egingo dira ikastetxeetan eta lantokietan, Durangaldeko Mankomunitatean egindako adibidez. Proiektu horiek guztiak zehatz-mehatz jasoko dira lantaldea osatzen duten bost erakundeek laster gauzatuko duten hitzarmen batean.

Amorebieta-Etxanoko Udalak proiektu honetan parte hartu izanak berretsi egiten du Udalak bizikletaren erabilera ohiko garraiobide gisa sustatzeko eta mugikortasun iraunkorrago eta eraginkorrago baten alde egiteko egin duen lana.

Proiektu hau herritarren parte-hartzearekin sortu zen, kirol-kluben eta irakaskuntza-zentroen bidez garatzen ari den elkarlanarekin eta 2021. urte honetan, Ziklo Plana ezartzearekin gauzatuko da, bizikletak gainerako trafikoarekiko bizikidetzan duen presentzia indartuko duen hirigune zabal bat eratzeko.